'Beldur harrapakarixek', beldurrak batzeko gertu

Imanol Beloki Unamuno 2025eko urriaren 31

Beldur harrapakarixe.

Gaba Baltza ospatzeko, goizean Fernando Eskoriatza plaza ingurua apaindu eta arratsaldean izango dira ekintzak. Ekitaldi nagusia 19:30ean izango da, eta beldurrak erretzeko dituzte herritarrek, beldur harrapakarixen laguntzarekin.

Kalabazek, kandela-argiek, mozorroek eta beldur-jolasek protagonismoa hartuko dute gaur, herrian tradizioa bizirik mantentzeko helburuarekin.

Izan ere, gaur goizean herriko ikastetxeetako haurrek Fernando Eskoriatza plaza apainduko dute, Gaba Baltza ospatzeko, azken asteetan egin dituzten apaingarriekin. Arratsaldean, berriz, gaztaina erreak egingo dituzte Olazar Erretiratuen Elkarteko kideek, plazan. 18:00etan, ginkana beldurgarria egingo da 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako. Herrian zehar egindako ibilbidea egin beharko dute parte-hartzaileek, istorio bati jarraiki eta hainbat proba gaindituta bete beharko dutena. Gainditzen duten proba bakoitzeko gozokiak eskuratuko dituzte. Hala, eskerako esaldi hau erabiliko dute: Xanguli manduli kikirriki, eman goxokiak guri! Ordu berean, Beldur Etxea izango da gaztelekuan, eta ihes-gela egiteko aukera izango dute herriko nerabeek, bertan. Plazako ikuskizunaren ostean, nerabeek gaztelekuan afaldu eta pelikula bat ikusteko aukera izango dute, nahi badute.

Beldurrak batzeko ekitaldia

Plazako ekitaldia, aldiz, 19:00etan izango da. Arratsaldean zehar nork bere beldurrak idazteko edo marrazteko mahaia egongo da. Eta bertso-eskolakoen deia jasotakoan, beldur harrapakarixek denen beldurrak batu eta sutan erreko dituzte. Beldur harrapakarixek Gorosarri Dantza taldeko dantzarien laguntza izango dute beldur-erretze erritua betetzeko. Festa amaitzeko, zezensuzkoa arituko da, Jose Arana kalean.

Zezensuzkoa Jose Arana kalean

Azken ekintza horretan kontuz aritzeko dei egin du Udalak: "Zezensuzkoak su hotza erabiltzen du, baina erre egin dezake; horregatik, kontuz ibili behar da, eta, batez ere, kontuz ibili behar dute haur txikiak dituzten familiek. Arropari dagokionez, komeni da kotoizko arropak, praka luzeak, zapatilak eta burua eta eskuak estalita eramatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak