Bihar, egubakoitza, 16:45ean, aurkezpen ekitaldia egingo du Tipi-tapak, Fernando Eskoriatza Plazan, eta, ikasturte berrirako nondik norakoak azaltzeaz batera, buztingintza tailerra izango da, Buztinate elkartekoek dinamizatuta. 2 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzenduta, 90 minutu iraungo duen doako saioa izango da, eta eguraldi txarra egiten badu Kontzejupen egingo dute tailerra. Izena ematea ez da derrigorrezkoa izango, baina informazio gehiagorako tipitapaelkartea@gmail.com helbidera idatzi daiteke.
"Proiektu honek aurrera egiteko, familien parte-hartze aktiboa behar du"
Bazkide egiteko eskaera
Haurrek ondo pasatzea eta heziketan laguntzea helburu izanda, ari dira urteko programazioa prestatzen. Iaz, esaterako, honako ekintza hauek antolatu zituzten: 0-4 urte bitartekoentzat esperimentazio gunea, marrazki tailerra, tailer sentsoriala eta Uraren Eguna.
Txotxongiloen ikuskizuna
Alaia Galtzagorria, mitoen bidaia izeneko txotxongilo ikuskizuna izango da, bestalde, azaroko ekintza nagusia, hilaren 22an; 2 urtetik gorako haurrentzako eta euren familiendako euskarazko txotxongilo emanaldi tradizionala da, eta zuzeneko euskal musikaz lagundutako ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, Ostomila Txotxongilo Taldeak dinamizatuta, 11:30ean, Zaldibar antzokian.
Zuzendaritzako kideek azpimarratu dutenez, gurasoen inplikazioa ezinbestekoa da proiektuak aurrera egin dezan. "Proiektuak, aurrera egiteko, familien parte-hartze aktiboa eta inplikazioa behar ditu. Beraz, animatu, urte osorako jarduerak prest ditugu eta. Aurreko ikasturtean 27 familia izan genituen bazkide, eta aurten 25 familia, behintzat, egitasmora batzea nahiko genuke. Izen-emate orria eta bazkide kuotaren ordainagiria tipitapaelkartea@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dute interesdunek, eta aurretik Tipi-tapako bazkide izan direnek bazkidetza berritu beharko dute".
Urteko ekintzez gain, aurten ere ludotekako eremua erabiltzeko aukera izango du Tipi-tapak: asteburuetan eta jaiegunetan, 10:00etatik 20:00etara; astelehenetik egubakoitzera, 10:00etatik 15:00etara; eta Ibarraundiko museoko gela erabiltzeko aukera ere izango da, martitzen eta eguenetan, 16:00etatik 19:00etara.