Gaba Baltza berotzen joateko, 'beldur harrapakarixen' ipuina

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urr. 22a, 16:03

Dorleta Kortazar asteon, 'Beldi' ipuina kontatzen bibliotekan.

Urriaren 31ean ospatuko da Gaba Baltza, beldurrak uxatu eta iluntasunaz gozatzeko gaua. Beste herri askotan moduan, Gaba Baltza birsortzen ari da, eta bi urte dira beldur harrapakarixak Fernando Eskoriatza plazan agertu zirela, haurren eta helduen beldurrak batu eta erretzeko. Aurten ere izango dira eguneko protagonista, eta horiek ezagutzeko, Beldi izeneko ipuin kontaketa izan da bibliotekan.

Aurten, gainera, beldur harrapakarixen inguruko ipuina sortu dute Dorleta Kortazar ipuin kontalari eta Olaia Benito ilustratzaile eskoriatzarrek, haurrei pertsonaia berri hauek ezagutzen laguntzeko. Beldi izena du ipuinak, eta izen bereko protagonistak beldur harrapakari gisa bizitakoak kontatzen ditu. Martitzenean bibliotekan egin zen lehenengo kontakizuna, eta jendetza batu zen: "Ipuina, batez ere, ikastetxeetan lantzeko material gisa sortu da. Proiektua bizirik dago oraindik, ez da produktu amaitu bat. Etorkizunean eraldatu egin daiteke. Horregatik, oraingoz, ez dugu online eskuragarri jarriko. Ikastetxeen ekarpenak eta abar kontuan izanda material horren inguruan lanean jarraituko dugu", adierazi du Maider Errastik, Eskoriatzako Udaleko Gazteria teknikariak.

Prestaketa lanak

Gaba Baltza ikastetxeekin eta herriko eragileekin batera antolatzen den eguna da; hala, martitzeneko ipuin kontaketaren ondoren, honako hauek izango dira Eskoriatzako Udalaren programazioaren barruan: astelehenean, arropa prestaketa tailerra egingo da Tortolis ludotekan, 16:45ean eta 18:00etan, bi txandatan. Bertan, Gaba Baltzerako mozorroak prestatuko dituzte etxeko arropa zaharrekin.

Urriaren 31n, berriz, goizean zehar herriko ikastetxeek plaza apainduko dute azken asteetan egin dituzten apaingarriekin. Eta arratsaldean, gaztaina erreak egingo dituzte, plazan. 18:00etan, ginkana beldurgarria egingo da 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako. Ordu berean, Beldur etxea izango da gaztelekuan, eta ihes gela egiteko aukera izango dute herriko nerabeek.

Plazako ekitaldia, aldiz, 19:00etan izango da. Arratsaldean zehar, norbere beldurrak idazteko edo marrazteko mahaia egongo da. Eta bertso-eskolakoen deia jasotakoan, beldur harrapakarixek denen beldurrak batu, eta sutan erreko dituzte. Beldur harrapakarixek dantzarien laguntza izango dute beldur-erretze erritua betetzeko. Festa amaitzeko, zezensuzkoa arituko da, plaza parean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak