Gradua, masterra eta, azkenik, doktoretza; ez zara ikasteaz aspertu?
Nahiko pertsona kuriosoa naiz, eta betidanik gustatu izan zait gauzak ulertzea. Horrekin oso lotuta dago aukeratu dudan bidea. Guztia inertziaz egin dut; izan ere, gradua bukatutakoan ez nekien zer egin, eta Fisika Kuantikako masterra egitea erabaki nuen, ikasgai hura gustatu egin zitzaidalako. Hori bukatuta, masterreko irakasle batek esan zidan ea harekin batera doktoretza egitea gustatuko litzaidakeen, eta onartu egin nuen eskaintza. Ez naiz aspertu, baina, aldi berean, doktoretzan sekulako lehiakortasuna dago, eta presio handia dugu; horrek nekatu egiten nau.
Doktoretzaren ostean zer?
Aurreko erantzunarekin lotuta, ez dakit ea alderdi akademikotik jarraituko dudan edo bide honen amaieran erreta amaitu eta akademikotik irtetea erabakiko dudan.
Ikasketetatik deskonektatzea behar izaten duzunean zer egiten duzu?
Orokorrean, kirola egitea gustatzen zait, baina, batez ere, eskalatzea.
Nondik datorkizu eskaladarekiko zaletasuna?
Bada, masterrean ezagutu nituen lagun batzuk hasi ziren Karmela gunera joaten. Beti nahi izan dut nonbait militatu, eta gune hura aurkeztu zidatenean asko gustatu zitzaizkidan hango balioak. Hasieran ez nekien zer taldetan sartu, eta, nire lagunak rokodromoan hasi zirenez, ni ere hor sartu nintzen.
Karmela bigarren etxe bilakatu da zuretzat?
Bigarrena, edo hirugarrena; nik beti esaten dut lehenengo etxea dela Eskoriatzakoa, bigarrena Bilboko pisua, eta, agian, hirugarrena Karmela izan daiteke; kar-kar. Denbora asko pasatzen dut han, eta lagun on asko ditut.
Eskoriatzatik pasatzen zara ala dagoeneko bizitza guztiz egonkortuta duzu Bilbon?
Bizitza egonkortuta dut Bilbon. Ez naiz sarritan joaten Eskoriatzara; hilean pare bat aldiz, gutxi gorabehera, eta ibiltzen naiz malabarrak egiten, ez dudalako galdu nahi Eskoriatzako lagunekin eta familiarekin dudan harremana.
Herriko bizimodua faltan igartzen duzu ala pozik bizi zara hirian?
Gaur egun, pozik bizi naiz hirian; Bilbok aukera asko ditu alderdi kulturalari edo politikoari dagokionez. Hori bai, nire ahizpa asko igartzen dut faltan, eta ziur nago itzuliko naizela Eskoriatzara, baina horren gaztea ez naizenean eta horrenbesteko energiarik ez dudanean izango da.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Dilistak.
Eskalada, boulderrean ala mendian? Mendian.
Abesti bat? Alfonsina y el mar.
Parranda non? Bilboko alde zaharrean.
Bilboko toki bat? Karmela.
Eskoriatzako toki bat? Mazmela elizatea.