Taldea 09:ooetan elkartu da Fernando Eskoriatza plazan eta hiru bat orduko ibilbidea egin dute. 30 lagun ziren hasieran baina bidean jende gehiago batu da eta 40 bat elkartu dira azkenean.
Oinez egin dute ibilbide osoa. Lehenengo geldialdia Altzarteko iturrian egin dute eta bigarrena gertu dagoen Uretzako iturri sulfurosoan. "Orain urtebete egindakoa da. Bolibarren egin den azken iturria da. Uretz baserriko iturria da", azaldu du Xixilio Agirianoren iloba Lore Agiriano Errastik.
Hamar bat iturri
Ibilbidean hamar bat iturri ikusteko aukera izan dute herritarrek. Badaude gehiago; izan ere, Bolibarren ez da urik falta. "Ur asko dago hemen. Baserri bakoitzak bere iturria du eta ur mota desberdina da, gainera", azaldu du Lore Agirianok. Urkuluko urtegira ere bideratzen da ura Bolibartik.
"Eta ur ona da", azaldu du Xixilio Agirianok. Karoi baserriko semea, iturri propioa dute etxean eta ur oso ona dela azaldu du Xixiliok. "Orain urte batzuk analizatu egin zuen Udalak, eta hori esan zuten".
"Bolibar inguruan aberatsa da ur aldetik", konfirmatu du Lore Agirianok. "Iturri eta erreka asko daude eta desberdinak dira. Bolibar elizatean, esaterako, metal-ura duen iturri bat dago. Uretzan sulfurosoa da eta aurrerago jarraituta –Jausoro edo Karoi baserrietan– haitzura edo kareharritik irteten den ura dago".
Bideen eta basoen izenak
Ibilbideak askotarako eman du. Iturrien kokapena ezagutzeaz gainera, izenak ere eman ditu Xixiliok. Basoen eta bideen inguruan ere egin du berba.
Mando-bidetik bideratu du taldea Uztaizar iturriraino. Taldean batek baino gehiagok ezagutzen zuen iturri hori, eta baietz egiten zuten buruarekin, ur oso ona dela. Batek baino gehiagok edan du. Aurrera jarraitu du taldeak eta Xixiliok beste sei edo zazpi iturri erakutsi dizkie.
Mando-bidearen inguruan eta kontatu ditu hainbat pasarte. "Arabarainoko mando-bidea da. Koruetako presatik San Bernardoko mojen komenturaino doa. Lehen mikelete-etxea zegoen eta zaindu egiten zuten Arabatik ekartzen ziren garia, ardoa eta bestelakoak. Gure aitaren garaiko kontuak dira", esan du Xixiliok.
Gustura ibili da gidaria eta gustura, baita ere, ibilbidea egitera gerturatu diren herritarrak. Jakintza handia dago baserrietan eta horrelako ekimenak beti dira aberasgarriak.