Eskoriatzako ordenantza fiskalak onartu dituzte, %2,7ko igoera orokorrarekin

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urr. 10a, 13:35

Eskoriatzako udalbatzako kideak osoko bilkuren aretoan.

Ordenantza fiskalak eta zerbitzu publikoak eskaini eta jarduera administratiboak burutzeagatik ordaindu beharreko tasak %2,7a igotzea erabaki du Eskoriatzako udalbatzak. Joan den urtean salbuetsita geratu ziren arren, aurten ere igoera izango dute kiroldegiko tarifek ere. Salbuespena hiri hondakinak biltzeko zerbitzua izango da. Honek oso igoera txikia izango du:  %0,54.

Eskoriatzako Udal Gobernuak 2026. urterako Ordenantza Fiskalak aldatzeko hasierako onarpena jarri zuen mahai-gainean, egueneko osoko bilkuran. Udal Gobernuko baiezko botoekin eta EAJren ezezko botoekin onartuak geratu ziren Ordenantza Fiskalak.

Edorta Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak: "Igoera orokorra 2,7koa da zerga eta tasa gehienetan; zaborraren tasa, berriz, 0,54 igotzen da, soilik. Iazko argudio berdinarekin jarraituz planteatutako igoera da honakoa. Izan ere, Debagoieneko Mankomunitateko txostenaren arabera egiten da. Iaz igoera nabarmena egin behar izan genuen, eta, aurten pixka bat bakarrik igo behar izan dugu".

Oposizioak ezezko botoa

Mankomunitateko datuak ez direla garbiak adierazi zuten, bestalde, oposizioko kideek, eta, ezezko botoa eman zuten alderdi jeltzaleko kideek. Honela adierazi zuen Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak: "Gure proposamena egin genuen Ogasun Batzordean; batetik, kiroldegiko tasak mantentzeko, eta ez igotzeko; ezetz esan ziguten. Zabor tasena, berriz, Eskoriatza ordaintzen ari da tokatzen ari zaiona baino % 22 gehiago gure estimazioaren arabera. Mankomunitatean, elkartasunagatik kostu guztiak banatu egiten dira; gai hau aztertzea eskatzen dugu. Datuak ez ditu garbi ematen Mankomunitateak, eta eskoriatzarren izenean, datu zehatzak eskatzea nahiko genuke. Horregatik ezezko botoa emango dugu".

Horri erantzunez honakoa azaldu zuen alkateak: "Oposiziokoen kalkuluen arabera, Eskoriatzak ordaintzen duenarena baino %22 gutxiago ordaindu beharko lukeela diote, baina, ez dakit nondik atera dituzten datu horiek. Hurrengo lizitaziora begira daudela uste dugu, baina, zenbaki horiek ez daude zehaztuta. Printzipioz, guk Mankomunitateak esaten diguna aplikatzen dugu; Mankomunitatea elkartasun modu bat da zabor-bilketa egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak