Ehiza txikirako Aldaypeko zozketak joan den astean hasi zituzten, eta, azken urteetako ildoari jarraituz, eguaztenero egingo dituzte, egun bakarrean, aste osorako postu banatzeko. Iazko postu kopuru bera izango dute ehiztariek, baina horietako batzuk berritu eta egokitu egin dituztela adierazi du Aldaype ehiza eta arrantza elkarteko kide Andoni Etxenagusiak.
Aldaypeko postu zozketa bi lineatan antolatuta dago: lehenengo linean –Lete, Apotzaga– 91 postu daude eta bigarren linean –Aratz Parke Naturala, Alabita eta Aranguren–, berriz, 76. Guztira 167 postu daude: batzuk hobeak dira, beste batzuk altuago edo baxuago daude, eta badaude ez direnak hain gustukoak, baina aukera modura kontuan har daitezkeenak. "Zaila da asmatzea, baina ehiztariek badituzte postu gogokoagoak, eta horien bila etortzen dira zozketetara. Hala ere, ez dago jakiterik nondik etorriko diren hegaztiak, zein izango den egun aproposa… Dena den, zozketak hasita, goiz dela esango nuke".
Ezinbesteko berrikuntzak
Denboraldia hastearekin batera, ehiza-postuen egoeraren eta horietara iristeko bidean egon daitezkeen oztopoen harira, zenbait lan egin dituztela nabarmendu du Etxenagusiak: "Aurten, urtero moduan, hainbat postu berritu egin ditugu, eta baita ehiza-eremuak txukundu ere, erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko. Batez ere, Albinan, Apotzagan, Leten, Uruburun… sastraka-kentzeak egin ditugu. Horrekin batera, zuhaitz eta adar mozketa batzuk ere egon dira egitekoen artean, eta ehizan egiteko aldamio bat kendu eta berria jarri dugu, besteak beste. Ohiko lanak dira, egin beharrekoak".
Zozketak, eguaztenero
17:00etatik 18:45era bitartean egingo dira zozketak, eguaztenero, Aldayperen lokalean, Intxaurtxueta kaleko 9an. Bazkideei zuzenean kontutik kenduko diete ordaindu beharreko kantitatea, eta gainerakoek izena ematean ordaindu beharko dute postuen prezioa. Informazio gehiago gura duenak edo zalantzak dituenak 636 24 93 54 telefono-zenbakira deitu dezake.