Ingurumena zaintzea ardatz duen astea, abian

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urr. 9a, 12:30

Energia erabileraren ikerketa berritzailearen aurkezpenean.

Eskoriatzako Aste Berdeak ekintza ugari uztartuko ditu, jasangarritasunaren eta kontzientzia ekologikoaren alde egiteko. Horren baitan, eguaztenean energia izan zuten berbagai, Ibarraundi museoko hitzaldian. Domeka honetan, berriz, Xixilio Agirianorekin Bolibar inguruko iturburuak ezagutzeko ibilaldi gidatua egingo da.

Asteon eman diote hasiera Eskoriatzako Aste Berdeari. Hain zuzen ere, lehenengo hitzaldia eguaztenean izan zen, eta energia kontuak izan zituzten hizpide Ibarraundi museoan batutakoek; hilaren 12an, domeka honetan, berriz, iturburuak ezagutzeko irteera egingo da, Xixilio Agirianorekin egingo den ibilbide gidatuan; hilaren 16an, Konponbide txikiak biodibertsitatearen krisiaren aurrean. Tximeleta oasiak hitzaldia izango da, Pedro Lasagabasterren eskutik; eta hilaren 18an, erreka garbiketa egingo dute, auzolanean.

Energiaren murriztea berbagai

Eguazteneko saioan energia-eraginkortasun handiagoa, komunitatearen parte-hartzea eta jasangarritasuna uztartzen dituen birgaitze-eredu bat aurkeztu zuten Ibarraundi museoan. RenPower-BiBizi proiektuaren bidez, etxebizitza-eraikinak nola birgaitu daitezkeen modu integral eta komunitarioan azaldu zuten Eider Iribar Solabarrietak eta Ander Ayala Larrañagak (Goiener) eta Nestor Arana Arexolaleibak (Esnargi).

Azken horrek Eskoriatzako Esnargi Kooperatibaren nondik norakoak ere izan zituen berbagai; egin dituzten lanen eta aurrera begirakoen berri eman zuen: "Esnargiren berri eman dut, lehenbizi. Batez ere, azken hilabeteetan egindako lanak aipatu ditut. Horren baitan, komunikazioa hobetzeko webgunearen martxa jartzeaz aritu naiz, lehenbizi, eta, bigarrenik, Luis Ezeiza Herri Eskolan jarriko diren autokontsumorako sistema fotovoltaikoa aipatu dut. Hirugarrenik, energia trantsizioan energiaren murriztea oso garrantzitsua izango denez, Goienerrekin landu den etxeen birgaitzea komunitarioaren inguruko proiektuaren garrantzia goraipatu dut. Azkenik, aurrera begira, etxe atari baten egin duguna auzo mailan egiteko asmoa dugula ere iragarri nuen".

Agirianorekin bisita gidatua

Karoi baserriko Xixilio Agirianok gidatutako ibilbidea domekan egingo da, eta 09:00etan hasiko da, Fernando Eskoriatza plazan. Ez dago izena eman beharrik, eta Bolibar inguruan egingo da saioa. Ibilbide horretan, iturburuez gain tokiko toponimia aberatsa ere erakutsiko du, belaunaldiak markatu dituzten antzinako izen horiek, zeinen etimologia herriaren tradizio, kondaira eta bizimoduekin oso lotuta dagoen. Artzain izandako eskoriatzarrak bizirik dauden iturburuak erakusteaz batera, galdutakoak ere izango ditu berbagai, urriaren 18an egingo den Erreka Garbiketako auzolanera begira kontzientziak pizteko asmoz. Gainera, ur-dastatze txiki bat ere egingo dute, bertako urari garrantzia emateko.

Datozen ekintzak

Hurrengo hitzorduak, berriz, hilaren 16an eta 18an izango dira. Urriaren 16an, Konponbide txikiak biodibertsitatearen krisiaren aurrean. Tximeleta oasiak hitzaldia izango da, Pedro Lasagabasterren eskutik; eta hilaren 18an, Debagoienean Errekak Bizi Auzolaneanek antolatuta, erreka garbiketa egingo dute, auzolanean. Horrekin batera, hilaren 13an, Tortolis ludotekan haurrentzako eskulanak izango dira, eta bertan tximeletak egingo dituzte. Haurrek tximeleten gaineko eskulan horiek hilaren 16ko hitzaldian erakusgai jarriko dituzte. Nola aurreztu da energia ikastetxeetan? galderari erantzunez, Ikastetxeklik proiektuaren bitartez murriztu den energiaren berri ere emango da, eta hartu diren neurriak ezagutzera emango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak