Aniztasunaren aldeko jaialdia, bigarren urtez

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urr. 2a, 17:56

Iaz, Lur Anitz Fest jaialdiko ikuskizun bat Zaldibarren.

Lur Anitz Fest jaialdiaren bigarren edizioa bihar, egubakoitza hasiko da, eta asteburu osorako ekintzaz betetako programa prestatu dute Gaylur egitasmoko kideek. Aniztasuna, inklusioa eta LGTBIQ+ komunitatearen ikusgarritasuna ospatzeko jaia izango da.

GayLur Euskadi LGTBIQ+ elkarteak Lur Anitz Fest jaialdiaren bigarren edizioa antolatu du Eskoriatzan asteburu honetarako, iaz egin zuten lehenengo edizioak izandako arrakastaren ostean.

Aurten ere hiru eguneko programa prestatu dute, askotariko ekintzekin. Hala, bihar hasita, domekara arte ekintza ugari izango dira, parte hartu nahi dutenentzat, eta, aniztasunaren aldeko jaialdia izanda, ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Antolatzaileek adierazi dutenez, festak adiskidetasun berriak sortzeko helburua du, inor baztertu barik sexu-orientazio guztiak elkartzeko, eta ondo pasatzeko asmoz.

Lau eremutan banatuta

Jaialdiko hitzorduak lau eremutan banatu dituzte, eta, eguraldiaren arabera lekualdaketak egon daiteken arren, Ibarraundi museoan, Joseba Iñurrategi pilotalekuan, Fernando Eskoriatza plazan eta Zaldibar antzokian egingo dituzte ekintza guztiak. Horietan, bazkariak eta afariak, haurrentzako antzerki-jokoa, kirol hitzordua, Mari Lur Drag Gala, bingo musikala, landaguneko trabesti poteoa eta Gaylur Gala izango dira, besteak beste.

Hiru egunetan ekintza ugari

Bihar, egubakoitza hasiko da jaialdia, eta Jonathan Galan eskoriatzarrak –GayLur elkarteko sortzailea eta presidentea– Lur Anitz jaialdira parte hartzera doazenei harrera egingo die, 19:00etan. Segidan, berriz, mahai-ingurua egingo dute, Ibarraundi museoan, Generaciones LGTBIQ+, ¿Hablamos el mismo idioma? izenburupean. Ondoren, Joseba Iñurrategi pilotalekuan jarraituko du festak, 21:30ean egingo den ongietorri-afariarekin. Eguna borobiltzeko, berriz, DiversiCards jolas-saioa egingo dute; aniztasunarekin lotutako jokoan, parte-hartzaileen artean dinamika ireki, parte-hartzaile eta dibertigarria bultzatuko da, eta LGTBIQ+ komunitateari buruzko gaiak landuko dituzte.

Zapatua, bete-betea

Zapatuan, Los Txipirones txarangak musikarekin girotuko du goiza. Iaz ere Eskoriatzan izan ziren, eta, orduko arrakastaren ostean, berriz izango dira Eskoriatzako kaleak girotzen. Gero, paella-jana izango da, haur eta helduei zuzendutako antzerki tailerrak, Teatracho Elkarte Kulturalaren eskutik, eta baita zumba saio dinamikoa ere, parrilladarekin, besteak beste.

Paella janerako bazkarirako txartelak aurrez eskuratu daitezke, Dorleta liburutegian eta Urrestilla eta Inkernu tabernetan, edo online, Lur Anitz Fest karteletako QR kodearen bidez. Hala ere, egitarauan nabarmentzekoa den hitzordua ondoren izango da. Hain zuzen ere, Fernando Eskoriatza plazan 21:00etan egingo dute Mari Lur Drag Gala. Ekitaldian, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako dragak oholtzara igoko dira, eta bakoitzak, zuzenean abestuta edo playback bidez, koreografia bat egingo du. Lehiaketa estiloan egingo dute ekitaldia, eta 300, 200 eta 100 euroko sariak banatuko dizkiete lehen hiru sailkatuei. Eguna borobiltzeko, DJ Borre arituko da musikaz girotzen.

Jaia borobiltzeko eguna

Domekan, 12:00etan, poteo trabesti rurala egingo dute, goiza girotzeko, eta mozorrotuta joateko dei egin dute antolatzaileek. Ondoren, herri bazkaria egingo dute, eta arratsaldean, 16:30ean, LGTBIQ+ musika-bingoa. Bazkalostea girotzen Tia Tomasa arituko da. Gero, 17:30ean, txokolate-jana izango da, nahi duenarentzat, eta 19:00etan, Lur Anitz jaialdiaren agur-ekitaldiarekin amaituko dute bigarren edizioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak