Estazio zaharra punk jaialdiaren geldialdi

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urr. 1a, 08:00

Kremallera taldekoak zuzeneko kontzertuan.

Degeneracion en la estacion izenpean hamar musika talde batuko dituen punk jaialdia antolatu dute zapatuan, Eskoriatzan. 3 Kuervos, Kremallera, El Exterminio de la raza del mono, Turbot, Kthar, Ziega, Krisis, Oihu, Kinkilla eta Veneno taldeak arituko dira, estazio zaharrean.

Errespetua eta Zarata lelopean, punka bizirik dagoela adierazi nahi dute antolatzaileek Degeneracion en la estacion musika jaialdiarekin. Helburua, makro-festibalen logikari aurka egitea eta zuzeneko emanaldi indartsuak eskaintzea izanda.

Guztira, hamar musika talderen zuzeneko kontzertuekin gozatu ahal izango dute jaialdira doazenek. Emanaldiak doan izango dira, eta, azken orduko aldaketaren bat tarteko honakoak izango dira jaialdian parte hartuko dutenak: 3 Kuervos (Eskoriatza), Kremallera (Eskoriatza), Oihu (Eskoriatza), Krisis (Aretxabaleta), El Exterminio de la raza del mono (Aramaio), Turbot (Logroño), Kthar (Eibar), Ziega (Bilbo), Kinkilla (Santurtzi) eta Veneno (Gasteiz). 18:00etan hasiko dira kontzertuak, Eskoriatzako estazio zaharrean, eta, barra ere izango da bertara doazenendako.

Eskoriatzako estazio zaharra.

Alternatiboa eta doan

Eskoriatzako hainbat musika taldek elkarlanean antolatutako jaialdia da honakoa, herrian falta diren ekintza alternatiboei erantzun bat emateko helburuarekin sortua. Antolatzaileen esanetan, herrian euren gustuko ekitaldiak falta dira, eta hutsune hori betetzeko erabaki dute jaialdia sortzea: "Eskoriatzan ekintza alternatiboak edo gure gustukoak falta zaizkigula uste dugu, eta bertako taldeen elkarlanarekin sortu dugu jaialdia. Dena ari da komertzializatzen, musika talde handien jaialdiak prezio neurrigabeekin…, eta horri aurka egiteko ere antolatu dugu; jaialdi alternatibo bat, autogestionatua, doan, eta zuzeneko emanaldiekin ondo pasatzeko", adierazi du Joseba Olmok, 3 Kuervos taldeko musikariak eta antolakuntzako kideak.

Eskerrak Udalari

Eskoriatzako Udalaren babesa ere eskertu nahi izan dute jaialdiaren antolatzaileek: "Eskoriatzako Udalak emandako babesarekin oso pozik gaude. Entzun gaituzte eta laguntzeko prestutasuna agertu dute. Ea jaialdia arrakastatsua den eta bigarren edizio bat prestatu dezakegun. Hori gauzatzeko, jendea bertaratu dadila, ondo pasatuko dugu-eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak