Eskoriatzako erretiratuek bazkari goxoaz eta lagunarte bikainaz gozatu zuten atzo, Udalaren eta Olazar Jubilatu Elkartearen ekimenez. 142 lagun batu ziren denera udal pilotalekuan egokitutako mahaien bueltan. Goizean, 11:30ean, meza nagusia izan zuten San Pedro elizan, eta irteeran txistulariek egin zieten harrera.
Eguerdiko otorduan aitortza jaso zuten, beste behin, bazkarira bertaratutako emakume eta gizon nagusienek; aurtengoan, Brigida Carrasco eta Jose Mari Romaretazabalak. Azken horri zorionak ere abestu zioten, Dorleta Sologaistoa zinegotziak txapela jartzen zion bitartean. Carrascori, ostera, lore sorta ederra eman zion Edorta Zubizarreta alkateak.
Bazkalostean, herriko denda, taberna, banketxe, enpresa, eta udalak emandako opariak banatu zituzten erretiratuen elkarteko kideek. Eta, jaiarekin bukatzeko, musikarekin dantza egiteko tartea ere izan zuten.