Mario Padilla gogoan izan dute Errekan Gora jaialdian ere

Julen Murua Mesonero 2025ko ira. 20a, 20:04

Iaz zendu zen Mario Padillaren omenezko kontzertua jo dute herriko txistulariek Otxandioko txistulariekin batera. Gorosarri dantza taldeko eta bandako kideek ere parte hartu dute kontzertuan.

Iazko maiatzean hil zen Mario Padilla txistularia, baina haren omenezko kontzertuek ez dute etenik urtebete geroago. Otxandioko txistulari taldeak egin zion omenaldi kontzertu bat –Otxandion jaiotakoa zen bera– duela hilabete batzuk, eta Eskoriatzako txistulariak ere han izan ziren. Gaurkoan, orduan Otxandion egindakoa Eskoriatzara ekarri gura izan dute, eta eguraldiak lagundu ez badu ere, Herriko Plaza beteta egon da.

Gorosarrikoak, eta Eskoriatzako zein Otxandioko txistulariak.

Eskoriatzako txistulari taldeko kide Jon Errastik dioenez, Padillak utzitako hutsunea "betetzeko oso zaila izango da; ezinezkoa ez esateagatik". Ez da Eskoriatzan egiten dioten lehen omenaldia, baina hark "herriko txistulari eta dantza taldeetan egindako lana kontuan hartuta, guztiz merezita ditu egindako emanaldi guztiak", dio Errastik.

Gorosarri dantza taldeak ere hartu du parte omenaldi kontzertuan, eta hauek ere izan dute Padilla gogoan; izan ere, dantza taldearen 60. urteurrena izanik, "Padillaren irudia agertzen den zapiak" egin dituzte.

Emanaldiaren bukaeran, eta omenaldia borobiltzeko sorpresa moduan, hainbat herritar igo dira txistulariekin eta bandako kideekin batera En Tol Sarmiento taldearen Zurekin Batera abestia jotzera.

Jaialdiaren balorazio positiboa

Hemezortzigarrenez antolatu du Errekan Gora jaialdia Atxorrotx Kultura Elkarteak, eta beste behin, "oso pozik" daude emanaldiek jaso duten erantzunarekin, kultura elkarteko kide Iñaki Kortazarrek dioenez. Dagoeneko "herrian errotuta dagoen jaialdia" dela dio Kortazarrek, eta urtetik urtera egonkor mantentzen da kontzertuak ikustera joaten den jende kopurua.

Aurten ere izan dute eguraldiaren kezka; izan ere, zapatuko kontzertu guztiak Herriko Plazara eraman behar izan dituzte musikariak aterpean jotzea ziurtatzeko. Hala ere, herritarren erantzuna "oso ona" izan dela dio Kortazarrek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak