EskoXtrem martxa egingo dute zapatuan Eskoriatzan

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ira. 17a, 10:42

EskoXtremeko aldi batean.

Zapatuan, 09:00etan, Fernando Eskoriatza plaza abiapuntu, EskoXtrem mendi bizikleta proba izango da, Eskoriatza Kirol Elkarteak antolatuta; kirola eta natura uztartuz, parte-hartzaile guztien neurrira egokitutako hiru ibilbide izango dira aukeran.

EskoXtrem mendiko txirrindularitza proba jokatuko da zapatu honetan Eskoriatzan. Urtero ehunka partaide biltzen dituen hitzordu horrek tokiko eta inguruko mendizale eta txirrindulariak batzen ditu, baina Espainia aldeko zaleak ere batzen dira urtero-urtero; izan ere, herrian errotutako ekimena da, eta aurten ere hainbat ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek, parte-hartzaileek euren gaitasun eta prestakuntzaren arabera gustukoena aukeratu dezaten.

Hiru ibilbide aukeran

Hiru ibilbide horien artean, motza 28 kilometrokoa eta 1.100 metroko desnibelekoa da; luzea, berriz, 44 kilometrokoa eta 1.800 metroko desnibelekoa; eta Xtrem modalitatekoak 57 kilometro eta 2.500 metroko desnibela izango du. Azken horri dagokionez, 13:00ak aurretik Gaztañaudiko bidegurutzetik pasatu beharko dira parte-hartzaileak.

Probaren epizentroa Joseba Iñurrategi pilotalekua izango da; alegia, bertan egingo zaie parte-hartzaileei harrera, dutxak izango dituzte, arropa uzteko aukera… Bi anoa-postu ere egongo dira ibilbidearen zehar, txirrindulariek jateko eta edatekoa izan dezaten, eta helmugan hirugarrena. Horrekin batera, aurtengo ibilbideetako markatzea minimoa denez, GPSa eramateko gomendioa egin dute antolatzaileek, eta ekipamendu egokia eta kaskoa beharrezkoak dira parte hartzeko. Gaineratu dutenez, bizikletak garbitzeko eremua ere izango da.

Izena emateko bi aukera

Eskoriatzako txirrindularitza proban parte hartu nahi dutenek aurrez egin dezakete, kirolprobak. com webgunearen bitartez. Federatuek 20 euroko prezioa ordaindu beharko dute eta federatu gabekoek, aldiz, 25 euro ordainduko dute. Horrekin batera, egunean bertan, proba hasi aurretik Fernando Eskoriatza plazan izena emateko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak