"Kalitatea bermatuta", Errekan Gora musika jaialdia abiatzeko prest

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ira. 19a, 08:00

Errekan Gora 2025 izango diren taldeak.

Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Errekan Gora musika jaialdiaren hamazazpigarren edizioa izango da aurtengoa. Guztira, zortzi ikuskizun izango dituzte herritarrek ikusgai, hiru egunetan banatuta, gaurtik domekara arte.

2008. urtetik gaur egunera arte arduratu da Atxorrotx Kultura Elkartea Errekan Gora jaialdia Eskoriatzan antolatzeaz. Ordutik hona makina bat kontzertu izan dira musikazaleen gozagarri, askotariko estiloetakoak, hasiberriak eta esperientziadunak bilduz. Zenbait programatan, gainera, musikaz haratagoko ikuskizunak ere txertatu izan dituzte. Aurten ere apustu sendoa egin dute, eta aurreikuspen onak dituzte antolatzaileek.

Kalitatea, bermatuta

Parte hartzen duten taldeak kontuan hartuta, musika estilo askotarikoa eta energia handiko ekitaldia izango dela aurreikusten da, rocka, bluesa, musika esperimentala eta bestelakoak uztartzen dituen taldeak ekarriko dituzte eta. Atxorrotx Kultura Elkarteko kide Iñaki Kortazarrek honako hau dio aurtengo edizioaren baitan: "Otsailean hasten gara programa osatzen, eta, lan handia den arren, herritarren erantzuna oso ona izaten da. Hori horrela, beste urte batzuetako maila mantentzen saiatu gara, eta antolatutakoarekin lortu dugula uste dut. Euskal eszenan izen handia duten taldeak izango dira gurekin, eta kalitatea bermatuta dago. Gainera, iazkoarekin alderatuta, emanaldi kopurua ere mantendu dugu, eta hori posible izatearekin ere pozik gaude".

Egitaraua, egunez egun

  • Egubakoitzean, 19:30ean, Inkernu kanpoan: Old Time Spooks.
  • Egubakoitzean, 22:30ean, Herriko plazan: Ezpalak.
  • Zapatuan, 13:00etan, Herriko plazan: Sukena.
  • Zapatuan, 18:30ean, Herriko plazan: Otxandixotik-Eskoitzara. Mario Padilla Eskoriatzako txistulari zenaren omenezko kontzertua, txistulari, banda eta dantzariekin.
  • Zapatuan, 20:00etan, Inkernu kanpoan: Moonshakers
  • Zapatuan, 22:30ean, Herriko plazan: Travellin' Brothers
  • Domekan, 13:00etan, Herriko plazan: Nhil.
  • Domekan, 19:30ean, Herriko plazan: Niña Coyote eta Chico Tornado.

Bi eszenatokitan banatuta

Jaialdiaren egiturari erreparatuz, hiru egunetan banatuta dago Errekan Gora, eta emanaldiak Fernando Eskoriatza plazan eta Inkernu kanpoan izango dira. "Iaz ere asmoa genuen Inkernu kanpoko eszenatokia jartzeko, eta ezin izan genuen, eguraldi txarragatik. Aurten, berriz, itxuraz, programaren berri emateko abuztuaren 30ean izan genuen Sugramas taldea, eta haiena bertan egin genuen. Hainbat kontzertu bertan egin gura ditugu, eta eguraldi iragarpena ona da, gaur-gaurkoz". Horrez gain, emakumeen presentzia egitarauko talde askotan izango da presente –Moonshakers taldea emakumezkoz osatutako taldea da, adibidez–, saiakera egin dugu, eta nabarmentzekoa da".

Akatsa triptikoetan

Triptikoak ere banatu dituzte herritarren artean, baina akatsa dutela adierazi dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, zapatuan Travelling' Brothers taldea arituko da, baina Noa & The Hell Drinkers izango dela dago iragarrita. "Noak deitu zigun, talde barruan arazo batzuk izan dituela esateko; eta saiatu gara kalitatea eta estiloa mantentzen. Hori horrela, Travellin' Brothers izango dugu, sekulako taldea".

Musika eta dantza uztartuz

Musika emanaldiez gain, Eskoriatzako dantzari eta txistulariek protagonismoa hartuko dute aurtengo edizioan. Otxandiotik Eskoitzara ez da soilik musika emanaldi bat izango. Musikariak eta dantzariak batuko dituen ikuskizuna izango da. Mario Padilla Eskoriatzako txistulari erreferentea iaz hil zen, eta hura oroitzeko kontzertua egingo da, txistulariekin, bandarekin eta dantzariekin. "Mariori omenaldia egin zioten Otxandion, bertakoa baitzen jaiotzez, eta hangoaren ostean, erabaki genuen Eskoriatzan ere egitea. Sorpresan bat ere izango da…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak