Hasi dute Luis Ezeizako 55. urteurren festa, ekintzaz betetako ikasturtea

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ira. 10a, 11:20

Luis Ezeizako komunikazio lantaldeko kideak logo berriarekin.

2025-2026ko ikasturte berriarekin, Luis Ezeiza Herri Eskola ikasturte osoa iraungo duten ospakizunak hasteko motorrak berotzen hasi da. 1970-1971ko ikasturtean jardunean hasi zenetik 55 urte pasa dira, eta, urteurrena ospatzeko, eskola komunitateari zuzendutako zein herri mailako ekintzak antolatuko dituzte ikasturtean zehar, hala nola hitzaldiak, mural margotzea, talentuen erakustaldia, tailerrak, erakusketa…

Irailean, eskola komunitateko ikasleek, irakasleek eta familiek elkarlanean kartelak egingo dituzte, eta mural bat margotu. Urriaren 18an, eskolako ikasle ohien kintada bazkaria egingo da –Kintadako ordezkari bat aukeratu eta bidali bere izen-abizenak, telefono zenbakia eta kintadaren urtea 608 621 008 zenbakira–; ikus-entzunezkoa egiten ari dira; abenduan erakusketa irekiko dute… Gainera, Goieskola elkarteak ere urteak betetzen ditu: 25 urte, hain zuzen. Bi ospakizun horiek elkarrekin ospatuko dituzte, festa handi batekin, eta informazioa aurrerago zehaztuko dutela adierazi dute eskolako arduradunek.

Udako erronka, gaindituta

Urteurrena aurten ospatuko den arren, antolaketa lanak iaz hasi zituzten. "Lantaldeak antolatu genituen, ekintzak lotzeko; horien artean, 55. urteurreneko logo lehiaketa izan zen. Parte-hartzaile asko animatu ziren eta aukeratutako logoa eskolako festan aurkeztu genuen. Logoa daramaten pegatinak egin genituen eta udan zehar egiteko erronka bat martxan jarri zen: Noraino iristen da eskolako pegatina? Jendeak eskolako pegatina munduko hainbat lekutan itsatsi eta argazkia bidali du. Itzela izan da parte-hartzea", diote Luis Ezeizako zuzendaritzako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak