Oporren amaierarekin batera, ongietorria egin die Axtroki merkatari elkarteak eskoriatzarrei. Horretarako, dantzaldia eta parrillada egin zuten Fernando Eskoriatza plazan. Herritarrek, dantza egiteko eta musikaz gozatzeko aukeraz gain, Eskoriatzako harakinen okela errea dastatu ahal izan zuten. "Herriko jendeari hemen gaudela gogorarazteko antolatzen dugu jaialdia. Oporretan asko gastatzen den arren, bertako komertzioek hemen jarraitzen dutela eta herrian ere kontsumitu behar dela gogorarazi nahi dugu. Gainera, horretarako ondo pasatu ahal baldin badugu ezin hobeto. Jendea berriro ere herrian elkartzeko aukera polita izaten da", adierazi zuen Eider Kortazar merkatariak.
Kurtso berriari begira
Udako oporren amaierarekin hasten da kurtso berria, eta Eskoriatzako merkatariak etengabe dabiltza jardunean hau aurrera ateratzeko. Honetarako nahiko lan izaten dutela dio Kortazarrek: "Herri txiki bat garen heinean nahiko lan izaten da. Komertzioari kosta egiten zaio aurrera egitea, baina beno, guk ahal dugun guztia egiten dugu". Aspektu horretan ongietorri jaia bezalako ekimenek funtzio garrantzitsua hartzen omen dute: "Bisibilizazioa oinarrizkoa izaten da, jendea hemen gaudela ez ahazteko. Beti saiatzen gara gauza ezberdinak egiten". Herritarrek komertzioei ez ezik, komertzioek herriari berari ere ekarpen handia egiten diotelakoan dago Kortazar, eta kurtso berrian ere horrela izango delakoan dago: "Herria komertziorik gabe hutsik dago".
Bonoak eskuragarri astelehenetik aurrera
Ongietorri jaiaren ostean ere izango dira herriko komertzioak sustatzeko ekimen ezberdinak. Udaleko Garapen Ekonomiko Sailak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan gastatzeko jarriko dituen bonuak izango dira lehenak. Irailak 8, astelehena, hasiko da bonuak erosteko aukera, udaletxean, eta urriaren 3ra arte egongo dira salgai. Osotara 933 bono izango dira eskuragarri. Kortazarrek begi onez ikusten du ekimena: "Horrelako gauza guztiak ongi etorriak dira. Ekimen batzuk hobeto joango dira, eta beste batzuk okerrago, baina horrelako gauzak beti etortzen dira ondo". Herritarrentzat ere aukera bikaina dela uste du merkatariak: "15 euro ordainduta 30 itzultzen dizkizute herriko komertzioan gastatzeko, oso aukera ona da". Ekimenean parte hartzeko deia ere luzatu zuen: "Askotan jendea perezarekin ibiltzen da, baina dei egiten diogu jendeari udaletxera gerturatu eta bonuak erosteko, herriari bizitza emango diote eta".