71 eguzki-plaka jarriko dituzte Luis Ezeiza eskolako teilatuan

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ira. 5a, 10:18

Energia Berriztagarrien Komunitateko kideak udal ordezkariekin.

Esnargi, Energia Berriztagarrien Komunitateko kideak Luis Ezeiza herri eskolako teilatuan egin nahi duen proiektuan, Nafarkoop ari da proiektuaren kudeaketa egiten, eta, lanen prozesua hasita, urria amaierarako lana eginda izan nahi dute.

Esnargi, Eskoriatzako Energia Komunitateak 2024ko irailean eratu zuen Energia Berriztagarrien Kooperatiba, eta ordutik hona proiektua handitzeko eta egonkortzeko kide berriak batzeaz gain, proiektu ezberdinak diseinatzen aritu da. Horrekin batera, energia komunitate sendoa lortzeko bide horretan ez dira geldi egon, eta lehenengo proiektu nagusia martxan jarriko dute. Izan ere, Eskoriatzako Luis Ezeiza herri eskolako teilatuaren zati baten erabilera pribatiborako administrazio-emakida esleitzea izan zen uztaileko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuten gaietako bat udalbatzako kideek, eta, udal ordezkariek Esnargiko kideekin hitzarmena sinatuta, proiektua martxan da.

Aldundiaren laguntzarekin

Herri eskolako teilatuan eguzki-plaka sistema jarriko dute, eta, honakoa dela proiektuaren helburua adierazi du Nestor Aranak, Esnargi, Eskoriatzako Energia Komunitateko kideak: "36 kW-koa da Luis Ezeizako teilatuko plaka-sistematik lortuko dugun energia. Hau da, 36-45 familia ingururendako energia lortuko dugu bertatik. Hori gauzatzeko, Diputaziotik 32.000 euro inguruko dirulaguntza jaso dugu eta Esnargik jarriko du gainontzekoa; guztira, 43.000 euro inguruko proiektua da".

71 eguzki-plaka jarriko dituzte eskolako teilatuan –urdinez markatutakoak–.

Prototipo izaera

Esnargiko bazkideek izango dute aukera bertan jarriko duten eguzki-plaken energia erabiltzeko, baina, eredua bazkide guztien artean adostuko dutela gaineratu du Aranak: "Nolako eredua nahi dugun bazkideon artean adostuko dugu irailean. Esnargiko bazkideek kuota bat ordaintzen dute, eta gaur-gaurkoz 23 bazkidek osatzen dugu kooperatiba; tartean da Eskoriatzako Udala. Hala ere, kopurua gorantza doa. Kasu honetan, proiektu hau prototipo bat da, baina, beste produktu batzuk ere diseinatzen ari gara".

Sorkuntzan berriztagarrietan inbertsio kolektiboak bultzatzen dituen Nafarkoop (Goiener) ari da proiektuaren kudeaketa egiten, eta, lanen prozesua hasita, urria amaierarako eginda izan nahi dute

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak