Oporretara, San Pedro Txikien berri emanda

Imanol Beloki Unamuno 2025ko uzt. 24a, 09:00

Iaz, San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaietan egindako azokan.

Irailaren 12an, 13an eta 14an ospatuko dituzte San Pedro eta Intxaurtxuetako San Pedro Txiki jaiak. Bi auzoetako bizilagunen jai batzordeak asteon eman du programaren berri, herritarrek egun horiek euren agendetan gorde ditzaten.

Duela sei urte, 2019an, berreskuratu zituzten San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaiak, eta pandemiak soilik eten zituen. Aurten ere irailaren bigarren asteburuan ospatuko dituzte San Pedro Txiki jaiak: hilaren 12, 13an eta 14an, hain zuzen ere.

San Pedro eta Intxaurtxuetako Bizilagunen Elkarteak osatzen duen jai batzordeko Antonio Regañok aurtengo egitaraua ere adin guztietako pertsonak kontuan izanda prestatu dutela azpimarratu du: "Aurten ere hiru eguneko egitaraua prestatu dugu, adin guztietarako jarduerekin eta oporretatik bueltan auzoko eta inguruko jende guztia gure kaleetara gonbidatzeko moduko programarekin".

Irailak 12, egubakoitza
• 18:00 Txupinazoa.
• 18:10 Boloa.
• 18:15 Buruhandiak.
• 18:30 Ad Libitum txaranga.
• 19:00 Nagusientzako luntxa.
• 23:00 Obaneuke erromeria.
Irailak 13, zapatua
• 11:00 Umeentzako parkea.
• 11:30 Ipurua taldearen
erakustaldia.
• 13:00 Duo Imperial.
• 15:00 Herri bazkaria.
• 17:00 Primo Bayo.
• 19:00 Parrillada.
• 22:45 Su artifizialak.
• 23:00 Oihan Vega.
Irailak 14, domeka
• 11:00 Merkatua.
• 11:00 Gaiteroak.
• 11:00 Erraldoiak.
• 11:00 Txistor-jana.
• 13:00 Herri kirolak.
• 15:00 Zuk ekarri zuk jan bazkaria.
• 17:00 Bingoa.

Musika azpimarratu dute

Jai batzordeak programazioko hitzordu esanguratsuak nabarmendu ditu: "Ostiralean, Obaneukeren emanaldia izango da; 2021ean lehen aldiz Eskoriatzara etorri zenetik, berriz itzuliko da Duo Imperial taldea; eta zapatu gauean Oihan Vega izango dugu. Honako hau, beti bezala, Euskal Herriko jai onenetan izaten den DJa".

Bazkarirako txartelak salgai

Larunbatean, ohiturari jarraituz, Sarayola arduratuko da herri-bazkariko catering-az. "Helduentzat menu osoa 28 eurokoa da, baina San Pedro eta Intxaurtxuetako Bizilagun Elkarteak ostiraleko jaietako diru-sarrerekin lagunduko du, eta parte-hartzaileek 25 euro ordainduko dute. Haurrek, berriz, 15 euro". Txartelak salgai daude Ilargi tabernan eta Dorleta liburu-dendan, eta horiek erosteko azken eguna irailaren 7a izango da. 621 07 16 30 zenbakira deitu edo spibizilagunelkartea@gmail.com helbidera idatzi daiteke informazioa lortzeko eta lekua gordetzeko.

San Pedro txiki jaietako bazkarirako kartela.

Erraldoiak eta herri kirolak

Aurten, berrikuntza gisa, domekan, irailaren 14an, Aretxabaletako gaiteroak eta erraldoiak izango dira, San Pedro Txiki jaien egitarauaren barruan, eta herri kirolen erakustaldia ere antolatu dute. Hala ere, ohiko jarduerak ere egongo dira: ez dira faltako buruhandiak, Eskoriatzako Ad Libitum txaranga, bingoa eta parrilla-jana.

Esker mezua

Regañok bi auzoetako bizilagunen laguntza eskertzeko ere aprobetxatu du: "Eskerrik asko San Pedro eta Intxaurtxuetako atarien ekarpenei, babesleei eta, nola ez, jaiak aurrera eramateko laguntza eskaintzen duen Udalari. Eta, bihotz-bihotzez, beti prest dauden boluntario nekaezinei ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak