Juan Luis Merino, Ezker Anitza-IUko Antolakuntza eta Finantza arduraduna

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko uzt. 14a, 15:39

Juan Luis Merino, ezkerrean, atzo eginiko batzarrean. Irudia: Ezker Anitza-IU.

Zuzendaritza berritu du Ezker Anitza-IUk, "eskubideetan eta justizia sozialean irabazteko eta espazio politikoa indartzeko politikak eta aliantzak artikulatzea" helburu izanik, eta horko partaide da Debagoieneko koordinatzailea.

Ezker Anitza-IUko Antolakuntza eta Finantza arduraduna izango da Juan Luis Merino eskoriatzarra aurrerantzean, domekan, uztailaren 13an, hala erabaki ondoren. Azaldu dutenez, Arantza Gonzalezekin, koordinatzaile nagusiarekin, partekatuko du ardura hori, eta "indar gehiago" izango du zuzendaritza berrian. Horrez gain, taldera batu zaizkie: Ester Palacio, Komunikazio arduraduna; Ana Isabel Saiz, Feminismokoa; Alba Gutierrez, Harreman Politikoetakoa eta Nazioartekoa; Jon Hernandez, PCE-EPK-ko legebiltzarkidea eta idazkari nagusia, eta Ekintza Politiko eta Programako burua; Xabier Pombo, Instituzionalekoa; eta Hugo Martin-Santos, Bataila Kulturalekoa.

Zuzendaritza berriak "euskal ezker alternatiboaren espazioan indar erabakigarria" izatea du helburu nagusitzat, Gonzalezen hitzetan: "Esperientzia eta kide berriak uztartzen dituen talde bat bildu dugu, eskubideetan eta justizia sozialean irabazteko politikak artikulatzeko eta euskal ezker alternatibo eta aurrerakoiaren espazioa indartzeko aliantzak bultzatzeko, ultraeskuina eta eskuina aske dauden une honetan". Horretarako, "elkarrekin" lan egingo dutela nabarmendu dute, "guztion onerako eta euskal herritarren benetako kezka eta beharretarako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak