San Pedro parrokiako beiratea, zaharberrituta

Imanol Beloki Unamuno 2025ko uzt. 11a, 09:45

Nahia Pascual, zaharberritze lanean, eta, konpondutako beiratea lehen eta orain.

Nahia Pascual artista eskoriatzarrak konpondu du Eskoriatzako San Pedro parrokiako beiratea. Egoera txarrean zegoen beiratea, eta, apaingarriko hainbat zati lurrera erorita, hura konpontzeko ardura hartu, eta bi aste inguruan amaitu du lana.

Eskoriatzako San Pedro elizako organoaren ondoko beiratea konpondu du Nahia Pascual (2001, Eskoriatza) artistak. Gasteizko Vitrales Mikel Delika enpresan artelanak zaharberritzeko zerbitzua ematen duen tailerrean egiten du lan, eta, beiratea konpontzeko deitu zietenean, hark gura izan zuen lana hartu. Izan ere, haren bizitokirako enkargua izanda, ilusioz hartu du erronka, eta mimoz aritu da zaharberritze lanean. Lanaren prozesuak bi aste inguru iraun duela adierazi du eskoriatzarrak.

Originala mantendu

"Beirateak kristala eta berun-profila du. Beirate zati batzuk apurtuta zeuden, berun-profila ere janda, eta nahiko egoera txarrean. Beraz, beiratea tailerrera eramatean lurrera ez erortzeko, zintekin jarri genuen, lehenbizi. Kristaletik apurtutako zatiak kendu egin behar dira, neurriak hartu eta berriak egiten hasi eta ordezkatu. Lehenengo, beiratearen erdigunea konpondu nuen, eta gero, alboetakoak. Izkinak izan dira prozesuko zailena, eta, bost edo sei pieza berrerabili arren, gainontzekoa berria egin behar izan dut; betiere, neurriak errespetatuta. Dena muntatzerakoan, zementatu, garbitu eta sikatutakoan, bukatuta geratu da lana. Beti saiatzen naiz, material originaletik ahalik eta gehien mantentzen. Zerbait berria jartzen badut, originala oso gaizki dagoelako da", adierazi du Pascualek. Lana entregatuta, beste enpresa bat arduratuko da beiratea instalatzeaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak