'Txikirri-txikirri' mendi martxa domekan, hildako mendizaleak oroitzeko

Imanol Beloki Unamuno 2025ko uzt. 10a, 09:35

'Txikirri-txikirri' edizio batean, parte-hartzaileak mendian behera.

Domeka honetan, hilak 13, egingo da Txikirri-txikirri mendi martxaren hamalaugarren edizioa. Izen-ematea egunean bertan egin beharko dute parte hartu nahi dutenek, 06:00etatik 07:00ak bitartean, Fernando Eskoriatza plazan.

Oinezko bi mendi martxa egiten dira Eskoriatzan, eta urtero tartekatuz joaten dira: Eskoriatzako zazpi elizateen oinezko martxa egiten bada, hurrengo urtean Txikirri-txikirri egiten da, eta aurten honako hau egingo da, domeka honetan.

Azken horri dagokionez, gainera, ibilbidea noranzko batera egiten da, edo beste aldera. Hala, aurten zentzu honetan egingo dute: Eskoriatza, Mendiola, Aitzuloa, Degurixa, Aumategi, Alabita, Atxorrotx, Eskoriatza. Hain zuzen ere, 24,2 kilometroko bidea izango da, eta aurten, 07:30ean hasi beharrean, 07:00etan hasiko da mendi martxa, eta egunean bertan, 06:30etik lasterketa hasi bitartean, bost euro ordaindu beharko da izen-ematea. "Noranzkoa aldatu egiten dugu. Hau da, duela bi urte, Atxorrotxen hasi ginen, eta orain, Atxorrotx aldean bukatuko dugu", azpimarratu du Iñaki Agirianok, Txikirri-txikirri mendi martxako antolakuntza taldeko kideak. Gaineratu duenez, anoa-postu bakarra izango da, Alabitan, eta antolakuntza taldeko kideak eta edozein laguntza emateko boluntarioak honako postu hauetan izango dira: "Jatekoa eta edatekoa Alabitan izango dugu, eta gero, hiru gunetan ere izango gara antolakuntzakoak: Degurixan, Alabitan eta Atxorrotxen".

150 lagun inguru espero dituzte

Egitasmoaren helburua hildako mendizale eskoriatzarrak oroitzeko goiz-pasa egitea bada ere, mendi martxa familiarra izaten da, propaganda gutxirekin antolatuta, eta laguntzaileei esker aurrera ateratakoa. Hala, parte-hartzaileei bertako paisaia, senda eta bide berriak erakusteko hitzordua dela azpimarratu du Iñaki Agirianok, Txikirri-txikirri mendi martxako antolakuntza taldeko kideak: "Misterio bat izaten da zenbat parte-hartzea, eta bost euro ordaintzen dute parte-hartzaileek. Beraz, jende larregi izatea ere ez dakit den helburua; horri ere erantzun egin behar zaio. Normalean, 130-150 lagun inguru batzen dira, eguraldia lagun izanda. Iaz, esaterako, 150 lagun izan genituen parte hartzen. 180 pertsona batzen badira, arrakastatsua izango litzateke".

Markatze-lanak, zapatuan

Ibilbide osoa zapatu goizean markatuko dute, eta markatze horiek guztiak domekan mendi martxan bukaerako lanak egingo dituztenek erretiratuko dituzte. Mendi martxara begira bestelako informazioa jaso edo zalantzak argitu nahi dituenak 943 71 43 27 telefono-zenbakira deitu dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak