Egun bat gehiago izan dituzte aurtengo San Pedro jaiek, eta, joan den egubakoitzetik martitzenera bitarteko festak bukatu berritan, behin-behineko lehen balorazio "oso positiboa" egin du Eskoriatzako Udal Gobernuak, baita Eskoriatzako Txosna Batzordeak ere. Funtzionatu duten hitzordu berriekin batera, hobetzekoak daudela ere adierazi dute, baina, orokorrean, jaiek emandakoekin "gustura" daude antolatzaileak.
Balorazio-bilera
Udal ordezkariak hainbat sailetako ordezkariekin batu ziren atzo, eguena balorazio-bilera egiteko. "Balorazioa ona da, baina beroa izan da protagonista. Beroak eragin digu hitzorduak lekualdatzera, danborradan, adibidez, ibilbidea aldatzera… baina aurre egiten jakin dugu. Horrekin batera, hitzordu nagusiei dagokienez, nagusien danborrada azpimarratuko nuke. Formatu aldaketa egin da, taldeak duen dimentsioagatik, eta positiboa dela esango nuke, nahiz eta egingo duten eurek euren balorazioa… Negatibo moduan, jaiak hasi zirenetik, martitzen gauean izan ezik, egunero erreta agertu dira edukiontziak Eskoriatzan, hamabi edukiontzi, guztira", adierazi du Edorta Barandiaranek, Eskoriatzako Udaleko Kultura zinegotziak.
Beroagatik aldaketak
Orokorrean, ekitaldi guztiak egin dira aurreikusi bezala, baina beroak eraginda zenbait hitzordu lekualdatu egin behar izan dituzte, Barandiaranek esan duenez. Euskal Jai Eguneko bazkaria plazan egin beharrean frontoian egin zuten; haurrentzat antolatutako puzgarriak, adibidez, ur-parkean ura zuten gaztelu puzgarriak ipini zituzten… Horrekin batera, haurren danborrada frontoitik irten zen, eta ez kiroldegitik, eta zuzenean plazara joan zen.
"Luzeak", baina "gustura" Eskoriatzako Txosna Batzordeko kideek ere egin dute lehenengo bilera, eta, jaiak egun bat lehenago hastea positiboa izan arren, "luze" egin zaiela adierazi dute. "Eguraldia erronka bat izan da: edariak berotu egin zaizkigu, belardira ere joan behar izan dugu bazkaltzera txosnagunetik… Hala ere, ondo baloratzen ditugu jaiak, eta parte-hartze handikoak izan dira. Egun asko izan ditugu, baina gustura aritu gara, eta aipatzekoak izan dira Kuadrillen Arteko Jolasak. Feedback positiboa jaso dugu eta pike sanoa izan da", adierazi du Goizane Zubizarretak, Eskoriatzako Txosna Batzordeko kideak.