Gaur, eguena, Eskoriatzako alderdi jeltzaleak bidalitako prentsa-oharrean, San Pedro jaien bezperako ekitaldian Marixol Iparragirre preso eskoriatzarraren gaineko pankarta jarri izana gaitzetsi du. "Onartezina da EH Bilduren Udal Gobernuak Marisol Iparragirre etakidearen aldeko pankarta bat jartzen uztea udaletxeko balkoian, bera izan baitzen hain beste atentatu eta hilketen erantzule zuzena".
EAJk gaineratu duenenez, "gure herria eta ETAren biktimak iraintzea da EH Bilduk utzi izana pankarta hori ikurrinaren eta Eskoriatzako eta danborradako konpainietako banderen ondoan jartzen, ereserkia entzuten zen bitartean. Jaiak une eta espazio partekatuak dira. Ez da onargarria guztiona dena alderdikeriaz erabiltzea, bakoitzak zer pentsatzen duen alde batera utzita. Askoz larriagoa delitu-historia hori duen norbait defendatzeko bada" azpimarratu dute.
Edukiontziak erretzea eta istiluak
Herriko jaietan izandako istiluak ere gaitzetsi nahi izan dituzte oposizioko kideek: edukiontziak erre izana eta kalean izandako istiluak. "Gogor gaitzesten ditugu eskoriatzarrok urte osoan zehar espero ditugun ospakizunak iluntzen dituzten jokabide hauek" azpimarratu dute. "Ekintza horiek kalte materialak eragiteaz gain, pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen dute" gaineratuz.
EAJko kideek eskerrak emateko ere aprobetxatu dute. "Larrialdi zerbitzuen eta segurtasun indarren esku-hartze azkarra, bai eta herritar gehienen portaera eredugarria ere, jardueretan errespetuz eta erantzukizunez parte hartu baitute".
Amaitzeko, "herriko jai seguru, inklusibo, ez politizatu eta indarkeriarik gabekoen aldeko konpromisoa" berretsi nahi izan dute EAJko kideek. "Norbanakoaren eta taldearen erantzukizunari dei egiten diogu ospakizun horien benetako arima babesteko: alaitasuna, tradizioa eta elkarrekiko errespetua, batzuen ideien inposiziorik gabe", amaitu dute.