Bitan banatuko dute aurtengo danborrada

Julen Murua Mesonero 2025ko eka. 27a, 09:51

Gu Geu batailoiko kideak, iazko danborradan.

Parte hartzaile guztiek ibilbide berbera egingo dute eta pieza berberak joko dituzte, baina hamabost minutuko diferentziarekin. Antolatzaileek adierazi dutenez, danborrada bi taldetan banatzeak "soinua hobetzen" lagunduko du.

Danbor hotsak izango dira protagonista Eskoriatzan San Pedro egunaren bezperan; izan ere, beste urte batez, 22:30ean hasita aterako dira batailoiak herriko kaleak girotzera. Ekainaren hasieran hasi zituzten entseguak, eta guztira zortzi egin dituzte. Antolakuntzako kide Andoni Motok adierazi duenez, "oso ondo" joan dira aurtengo entseguak, eta "egindako lanaren emaitzak danborrada egunean erakustea" espero du.

Berritasunak danborradan

Urteroko hitzordua izaten da, bai danborradan parte hartzen dutenentzat baita ikustera irteten diren herritarrentzat ere. 350 herritar inguruk hartuko dute parte aurtengo danborradan, zazpi batailoitan banatuta, eta parte hartzaile kopuru hori izatea "pozgarria" dela dio Motok. Hala, iaz baino batailoi talde bat gutxiago aterako da –Elizostek ez du taldea osatu–. Berrikuntza gisa, aurtengo danborradak bi adar izango ditu: 22:30ean aterako dira Euskal Giroa, San Pedro Txiki, Eguzkilore eta Elkartasun eta Dorleta batailoietako parte hartzaileen erdia. Hamabost minutu geroago, berriz, toki beretik eta ibilbide berbera eginez, Irrintzi, Gu Geu eta Elkartasun eta Dorleta batailoietako gainontzeko parte hartzaileak aterako dira.

Haurren danborrada

Hilaren 30ean irtengo dira haurrak danborra jotzera herriko kaleetara. Aurten ere "iazko haur kopuru antzekoa" egongo dela dio antolakuntza lanetan ibiltzen den Arantxa Unzuetak; 105 haur inguru izango dira. 19:00etan hasita, iazko ibilbide berbera egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak