Eskoriatzak badu ereserkia, baina organoarekin soilik grabatuta egon da gaur arte; orain, berritu egin dute Beheko Errota Musika Eskolako kideek, Gorosarri abesbatzako kideen eta beste hainbaten ahots ugarirekin eta Eskoriatzako musika bandak musika jarriz. Lan horretan aritu da buru-belarri Araceli Telletxea, Beheko Errota Musika Eskolako zuzendaria. Grabazio prozesuan bizitakoarekin "oso pozik" agertu dira parte-hartzaileak, eta emaitzarekin ere "oso gustura" daude. San Pedro bezperan, ekainaren 28an, txupinazoaren ostean entzuteko aukera izango dute herritarrek.
Auryn estudioan grabatuta
"Ereserkia grabatzearen gaia pandemia aurretik hasi ginen lantzen. Bergarako Auryn estudioko arduraduna nire lehengusua da, eta, familiarteko hizketaldi batean, Bergarako musika eskolakoekin proiektu bat egin zuela eta oso aberasgarria izan zela esan zidan. Orduan, pentsatzen jarri eta ea antzerako ezaugarriak zituen proiektua Eskoriatzan egin genezakeen planteatu zidan. Pentsatzen jarri, eta ereserkia etorri zitzaidan burura. Ez dakit Eskoriatzan jende askok ezagutzen ote duen herriko ereserkia; jaietan jotzen da, danborradan ondoren ere bai… baina ez dakit ereserkia dela ba ote dakiten".
Esperientziaz gozatzeko asmoz
Telletxearen esanetan, haren asmoa esperientzia bizitzea eta herritarrei biziaraztea izan da. "Eskoriatzako Gorosarri abesbatzako kideekin harremanetan jarri nintzen, 1988an estreinatu zenean ere abestu zutenak izan zirelako. Musika Juan Carlos Irizar konpositoreak jarri zion; garai hartan musika eskolako zuzendaria zen. Eta Trankil-ek egin zuen letra; idaztea gustuko zuen herritarra zen".
49 lagunek, hiru ahotsetara
Bada Eskoriatzako ereserkiaren grabatutako bertsio bat, baina, grabaketa ez denez oso ona, hobea egitea erabaki zuela azpimarratu du Telletxeak. Prozesua, berriz, luzea izan dela adierazi du, baina parte-hartzea ona izan dela. "49 pertsonaz osatutako abesbatza osatzea lortu nuen, hiru ahotsetara, partitura hiru ahotsetara sortuta zegoelako; eta, horrela, proiektua abiarazi genuen".
Bandak musika jarrita
Eskoriatzako Musika Bandako kide Eneritz Korujok, bestalde, adierazi duenez, Jesus Urrutia zuzendariak partiturari moldaketak egin dizkio, eta, ondo entseatu ostean, instrumentuka prestatzen joan dira prozesu osoa: "Esperientzia oso aberasgarria izan da; 15 urte dituen musikaria eta 80 urtekoa ere baditugu taldean, eta bandako kideontzat oso esperientzia ederra eta positiboa izan da. Grabazioak hiru astetan egin ditugu, eguen eta egubakoitzetan batuta; izan ere, zuzendaria kanpoan bizi da, eta horrela egitea erabaki dugu. Lana eginda, orain herritarren iritziak jasotzea geratzen zaigu, ea gustukoa den…".
Rock estiloan ere grabatuta
Aitor Moreno Beheko Errota Musika Eskolako irakasleak eraginda, bestalde, Eskoriatzako ereserkia rock estiloan ere grabatu du musika eskolako ikasle talde batek. "Eskoriatzako ereserkia zortziko konpasean dago eginda: bandarako, abesbatzarako… Eta gazteendako moldatu egin behar izan dugu, eurentzat erakargarriagoa izateko. Hilaren 20ko ikasturte amaierako ekitaldian aurkeztu zuten egindako lana, eta, Eskoriatzako San Pedro jaietan ere entzun nahiko genuke rock bertsio hori herrian zehar".