Txosnen proposamena, autogestioan oinarrituta

Imanol Beloki Unamuno 2025ko eka. 25a, 18:00

Eskoriatzako Txosna Batzordeko hainbat kide, asteon, prestaketa-lanetan.

Eskoriatzako Txosna Batzordeko kideek ekainaren 27tik uztailen 1era arteko egitaraua prestatu dute San Pedro jaietarako. Bertako musika taldeen aldeko apustua egin dute, eta Kuadrillen Arteko Jokoak isilpean antolatu dituzte, sorpresa izan daitezen.

Programazio betea prestatu dute, beste urte batez, Eskoriatzako Txosna Batzordeko kideek. Aurten, gainera, egun bat lehenago hasiko dituzte jaiak, Gatza eta berakatza, –Aupa Eskoitza!– lelopean, eta, beraz, bost eguneko festak izango dituzte aurretik eskoriatzarrek. "Autogestioan oinarritutako batzordea izanda eta gurea herri txikia izanda, aurrekontu txikiarekin, musika talde handiak ekartzea zaila zaigunez, nahiko egitarau xumea egitera mugatu gara. Hala ere, pozik gaude antolatutakoarekin eta ondo pasatuko dugula ez dugu zalantzarik", adierazi dute Eskoriatzako Txosna Batzordeko kideek.

Azken orduko aldaketa

Musika taldeen kontzertuei dagokienez, aukera ugari izango dira egunero. "Nick Linbött, Aiama, Chuleria Joder! eta Txit Karramarro taldeak izango dira, eta Eskoriatzako DJ Moto eta 3 Kuervos, esaterako. Talde horri dagokionez, duela bi urte eman behar zuten kontzertua, baina, ezin izan zutenez, berriz eman diegu aukera jaietan kontzertua eman dezaten. Bestetik, Orekakero taldeak ez du kontzerturik emango, taldekide bati ebakuntza egin diotelako. Euren ordez, Blueskon taldea arituko da, musika eskolako konboa", adierazi dute antolatzaileek.

Eskoriatzako Txosna Batzordekoak pankartak prestatzen.

Jokoak, isilpean prestatuta

Kuadrillen Arteko XII. Bandera altxatzeko jolasei dagokienez, lagun talde txiki bat aritu da horiek prestatzen. "Partaideek jolasak nola diren jakin gabe, sorpresekin eta berrikuntzekin datoz. Jendea motibatuta etor dadila, eta gogoz; ondo pasatuko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak