Gorosarri Dantza Taldea bere une onenean dago. Zuzendaritzaren errelebo aldaketarekin eta dantzarien inplikazioari esker gogoz ari dira azkenaldian askotariko ikuskizunak egiten. Oraingoan, berriz, proposamen berritu batekin datoz.
"Iaz, Gorosarri Dantza Taldea indarberritu eta berriz martxan jarri genuenean, erronka eder bati heldu genion: zigor-dantza ikertu, ulertu eta berrinterpretatzea. Eskoriatzako kulturaren zati bat berreskuratzea, memoriaren eta mugimenduen bitartez", adierazi du Idoia Lahidalgak, Gorosarri Dantza Taldeko kideak.
Zigor-dantza ikertzen
"Eskoriatza Iruditan udal artxiboan 1948. urteko zigor-dantzako bi argazki topatu ditugu. Duela 77 urte, gaur bezalako egun batean, herriko andre-gizonek zigor-dantza atera zuten plaza honetan bertan. Hainbat testigantza jaso ditugu horren bueltan; hala ere, inork ez digu esan zehazki noiz egin zen, noiz galdu zen, zer dantzatzen zen…", dio Lahidalgak.
Dantza moldeak errespetatuz
Zigor-dantza soka-dantza bat zen, zigorra –makila luze eta mehea– ardatz zuena. Erritu-dantza zen eta indarra eta arintasuna eskatzen zituen; izan ere, hainbat testigantzaren arabera, herri giroko ikuskizun gisa egin izan zen sanpedroetako ospakizunetan.
Ildo horri jarraituz, aurten Gorosarri Dantza Taldeak zigor-dantza berrinterpretatu du, Eskoriatzakoak diren elementu tradizionalak dantzatuz. "Berrinterpretaziorako, Eskoriatzan errotuta dauden ohiturak eta herriko dantza taldetik pasa diren dantza-maisuen dantza moldeak errespetatu ditugu. Hori horrela, uztailaren 1ean hemezortzi dantzarik aterako dute berriro ere zigor-dantza Eskoriatzako plazara".