Debagoieneko Atzegi Eguna egingo dute zapatuan Eskoriatzan

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko eka. 18a, 14:40

Atzegi Eguneko ekitaldia iaz Bergaran.

Urteroko hitzordua da eta aurten ehun bat lagun elkartzea aurreikusten dute antolatzaileek. Ekitaldia, kalejira, bazkaria eta dantzaldia egingo dituzte.

Atzegi elkarteak aniztasun intelektuala duten pertsonen eskubideak defendatzen dituen elkartea da. Debagoieneko kideek urtero egiten dute bailara mailako jaia eta aurtengoa zapatuan, hilak 21, egingo dute Eskoriatzan.

Festa ibiltaria da –iaz Bergaran egin zuten– eta balio izaten du kideak elkartu eta festa giroko ospakizuna egiteko. Horrekin batera, elkartearen balioak zabaltzeko eta kolektiboari ikusgarritasuna emateko ekitaldia ere bada.

Ekitaldia, bazkaria eta dantzaldia

Zapatuan, 12:30ean ekingo diote egitarauari. Zaldibar aretoan elkartuko dira eta bertan elkarteko erabiltzaileak izango dira protagonista. Ekitaldi "xumea" iragarri du Debagoieneko koordinatzaile Agurne Barrutiak, baina "garrantzi handikoa" Atzegi elkarteko kide guztiendako.

Amaitutakoan, kalejiran egingo dute Fernando Eskoriatza plazarainoko bidea txistulariek lagunduta. Bazkaria, berriz, 14:00etan izango da Eskoriatzako frontoian. Antolatzaileek aurreikusten dute 100 bat lagun elkartuko direla. Osteko dantzaldiarekin gozatuko dute guztiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak