Txinan duen presentzia "indartuko" du Fagor Ederlanek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 16a, 13:21

Kunshan-en (Txina) eginiko ekitaldia. Irudia: Mondragon Korporazioa.

Duoli Technology enpresarekin akordioa sinatu berri du, eta uste dute horrek Asiako merkatuko "tokiko-bezero berriekin harremana bideratzen" lagun dezakeela; baita euren "eskaintzaren lehiakortasuna hobetzen" ere.

Txinan duen presentzia "indartuko" du Fagor Ederlanek, akordio "estrategiko bat" lortu ondoren Chuzhou Duoli Automotive Technology enpresa txinatarrarekin. "Fagor Ederlan Kunshan-ek, euskal taldeak 2011tik Txinan duen lantegiak, automobilgintzarako esekidura osagaien fabrikazioan espezializatutako aluminioaren galdaketa burutzen du, eta bere akziodunetan sartu da Duoli Technology. Aliantza horren helburua da konpainia garatzea eta hedatzea, Txinako merkatuan bermeekin lehiatzea ahalbidetuko duen masa kritikoa lortzeko".

Ekainaren 13an, joan den egubakoitzean, formalizatu zuten akordioa Kunshanen (Txina) egindako zeremonia batean, eta han izan ziren, besteak beste: Jon Zuazo, Fagor Ederlaneko zuzendari nagusia; Mikel Uribetxebarria, Kontseilu Errektoreko lehendakaria; Ernesto Garcia, zuzendari komertziala; Jon Arano, Aluminio Negozioko zuzendaria; eta Yang Yi, Fagor Ederlan Kunshan lantegiko zuzendaria.

Nazioartean "beste urrats bat"

Fagor Ederlanen hitzetan, ohar baten bidez adierazi duenez, akordioak Txinan duen nazioarteko presentzia "indartzen" laguntzeaz gain Taldeari, "Asiako merkatuko tokiko-bezero berriekin harremana bideratuko du, eta Kunshaneko lantegia sendotu ahal izango du, eskualderako ekoizpen gune giltzarritzat". Gainera, erantsi dute euren eskaintzaren lehiakortasuna "hobetzen" lagunduko duela, "eta etorkizuneko bere bezeroei eskaintzen dien zerbitzuaren kalitatea handitzen". Era honetan, horrenbestez, nabarmendu dute "beste urrats bat" egin dutela nazioartekotzearen estrategian, "berrikuntzarekin, iraunkortasunarekin eta balio partekatua sortzearekin duen konpromisoa berretsiz jarduten duen merkatu guztietan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak