Eskola publikoaren jaia ospatuko dute bihar

Imanol Beloki Unamuno 2025ko eka. 13a, 12:38

Iaz, Luis Ezeiza Herri Eskolako jaiaren kalejira.

Zapatu honetan Luis Ezeiza Herri Eskolako jaia ospatuko dute, eta, egun osoko programazioa prestatu arren, azpimarratzeko hitzordua 11:30ean izango da; izan ere, eskolako aniztasuna islatzen duen logoaren eta leloaren berri emango dute.

10:00etan pregoiarekin eta kalejirarekin hasiko dute Luis Ezeiza Herri Eskolaren jaia, eta, horretarako, Eskoriatzako Ad Libitum txarangaren laguntza izango dute. Bide batez, eskolako kamiseta jantzita kalera ateratzeko dei egin dute, kaleak kolore arrosaz betetzeko asmoz.

Logo eta lelo aurkezpena

11:30ean, eskolako ikasleen ekitaldia egingo dute, eta Luis Ezeiza Herri Eskolaren 55. urteurrenaren logoa eta leloa aurkeztuko dituzte, Fernando Eskoriatza plazan. "Datorren ikasturtean (2025-2026) Luis Ezeiza Herri Eskolak 55 urte beteko ditu. Eskola-komunitate mailan ari gara antolakuntza lanetan, datorren ikasturtean izango ditugun ekintza guztiak prestatzen. Asmoa da hilero-hilero zerbait antolatzea, eta ekintza-sorta hori hasteko lehenengo pausoa izango da biharko aurkezpena. Logo eta lelo lehiaketa jarri genuen martxan. Parte-hartzea handia izan da, eta ikasleei, irakasleei eta familia ohiei eta gaur egungoei irekita, bederatzi logo eta hamar lelo jaso dugu. Bozketan, berriz, 200 lagun inguruk eman dute botoa, eta pozik gaude. Hala ere, sekretua da, eta logoa nolakoa den eta leloa zein den zapatuan esango dugu", adierazi du Maitane Gomez de Segurak, Luis Ezeiza Herri Eskolako irakasleak. Honako hau ere gaineratu du: "Aurreratu dezakegu eskolako aniztasuna islatzen duela logoak".

Egun osoko programa

12:15ean, tailerrak hasiko dituzte. Aurpegi-margotzea, koilareak, maskarak eta mandalak egingo dituzte dituzte gaztetxoek, eta golfean jokatzeko aukera izango dute. 13:30etan, berriz, aurten berrikuntza izango den ginkana familiarra egingo dute, eta aste honetan izenik eman ez dutenei ere aukera emango zaie egunean bertan izena eman eta parte hartzeko. 14:30ean, bazkaria egingo dute, eskolako aterpean, eta aurten Zuk egin zuk jan formatuan izango da; aurreikuspenen arabera, 100 lagunetik gora izango dira bertan. 15:30ean hasita, puzgarriak eta apar festa egongo dira, 16:00etan bingoa, eta, eguna amaitzeko, 18:00etan dantzaldia eta buruhandiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak