Josu Errasti 'Erras' omenduko dute gaur, Santa Marina plazan

Imanol Beloki Unamuno 2025ko eka. 13a, 11:30

Josu Errasti Iriarte eskoriatzarra.

Hilaren 6an hil zen Josu Errasti, 57 urteko eskoriatzarra. 80ko hamarkada hasiera ezkero, punkrock eszenako talde ugaritan ibili zen: Eskoria-Tza, Heriotza, Captain Nemo, Ladislao eta Cool Circus bandetan, gitarra-jotzaile. Gaur, egubakoitza, azken agurra egingo diote, 19:00etan, Santa Marina plazan.

Harekin taldean aritutako musikariek, musikazaleek, lagunek, familiakoek eta Eskoriatzako herriak egingo diotela agurra adierazi du Joxe Mari Legorburuk, Heriotza taldeko bateria-joleak: "Txistulariak izango dira, akustikoan kantu pare bat joko dira, bertsolariren bat akaso, eta hitzen bat edo beste egin nahi duenarentzat mikroa irekita utziko dugu. Umiltasunez egin nahi dugu gaurko agurra; aurrera begira ikusiko da bestela ekitaldirik egingo den. Erras-ek, bere diskreziotik, musika kultura handia zuen, eta hori ere adierazi nahi dugu. Bide batez, Xabin Zubiete ere gogoan izango dugu".

Taldekideen mezua

Haren gertuko askok sare sozialak baliatu dituzte mezuak idazteko. Cool Circus taldeak, esaterako honako hau idatzi du: "Zaila da hitzez adieraztea zenbat huts egingo digun bere umore zorrotzak, rockarekiko zuen grinak eta beti gitarra eskuan zuen presentziak. Hamaika proiektutan utzi du bere arrastoa, baina gure bihotzetan utzi duen aztarna are sakonagoa da. Zurekin partekatutako momentuak eta oholtza gaineko energia hori betiko gordeko ditugu. Eskerrik asko hainbeste emateagatik, lagun. Zure soinua gure artean entzuten jarraituko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak