Musika eskola museora lekualdatzeko asmoz

Imanol Beloki Unamuno 2025ko eka. 13a, 07:23

Edorta Barandiaran eta Edorta Zubizarreta, planoekin, Eskoriatzako alkatetzan.

Beheko Errota Musika Eskola Ibarraundi museora lekualdatzeko asmoa du Eskoriatzako Udalak. Beste hainbat aukeraren artean, espaziorik egokiena dela uste du Udal Gobernuak; espazioari beste erabilpen bat emateko erabakirik onena dela dio.

Eskoriatzako Beheko Errota Musika Eskola Hidalga kaleko laugarren zenbakian dago, eta aspalditik ari dira eraikin aldaketa eskatzen, eremuak duen hezetasun handiarengatik, leku faltarengatik… Hala, hainbat aukera aztertu ondoren, onena Ibarraundi museora lekualdatzea dela uste du Eskoriatzako Udalak.

Museoa itxita dago

Joan den agintaldia ezkero, bi urte eta erdi daramatza itxita Ibarraundi museoak, Museo Eskolaren jarduera amaitu zelako. "Museo Eskola izan da orain arte bertan, izan den jarduera nagusia eta Eusko Jaurlaritzak bertan genuen irakaslea kentzea erabakita, ez du erabilera handirik izan gaur arte Ibarraundi museoak, eta erabilpenen bat eman nahi diogu. Gero ikusiko dugu bertan dagoen erakusketa-gelako objektuekin zer egin, baina aukera polita da musika eskola bertara eramateko", adierazi du Edorta Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak.

Ibarraundi museoari erabilpen bat eman nahi dio Udalak

Proposamen-zirriborroa

Horren baitan, zirriborro bat egin du Udalak, eta horren berri eman nahi die herritarrei: "Ibarraundi museora sartu eta ezkerreko gela, hau da, Isabel Guridi gela, libre mantentzea da asmoa; bertan ezkontza-zibilak egiten jarraitzeko, erakusketak, hitzaldiak eta abar. Horrekin batera, dantza-gela bat izango genuke areto nagusia dagoen eremuan; eta gero, zuzendaritzaren eta administrazioaren bulegoak jarriko genituzke. Lehenengo solairuan, berriz, entsegu-gela bat jartzea da asmoa, solfeo zein instrumentuen saioak emateko gelekin batera. Hirugarren solairuan, irakasleen gela, biltegia eta bestelako zerbitzu batzuk jarriko genituzke", adierazi du Edorta Barandiaranek, Eskoriatzako Udaleko Kultura zinegotziak. Gaineratu duenez, egin beharreko lan nagusiak lehenengo solairua intsonorizatzea eta gelak egitea izango lirateke. Hala, aurreproiektu bat egin nahi du, aurrekontu batekin. "Gure ustez, ez luke inbertsio handirik eskatuko herriko beste eraikin batzuekin konparatuz. Hala ere, erabaki irmoa hartu aurretik, proposamena zein den adierazi eta ekarpenak jaso nahi ditugu". Horretarako, hazi@eskoriatza.eus helbidera idatzi daiteke.

Ibarraundi museoko eraikina.

Proposamenarekin "ilusionatuta"

Beheko Errota Musika Eskolakoak "pozik" daude Udalak dituen asmoekin. "Urte batzuk daramatzagu Musika Eskola lekualdatzeko eskaerak egiten, baina ez da gauzatu. Aukera honekin oso pozik gaude, eraikin bakarra guretzat izatea sekulakoa dela uste dugulako, eta pertsonalki poztasun handia eman zidan. Ez zitzaidan burutik pasa sekula Ibarraundi museoa aukera bat izan zitekeenik, eta amets bat da guretzat", adierazi du Araceli Telletxeak, Beheko Errota Musika Eskolako zuzendariak.

Gaur egungo Musika Eskolan ia 20 urte daramatzate eskolak ematen, eta aldaketarako ordua dela uste dute. "Udaletxe alboko eraikinean izan genuen urte askoan; gero, Gaztañaduira joan ginen, eraikin ortogonalera (Kulunka haurreskola). Zazpi edo zortzi urte egon ginen han, eta handik joan beharra izan genuen, eskolarako behar zutelako. Ibarraundi museoko lanak bukatu berri, behin-behinean museoa zegoen lekura joan ginen, gaur egun gauden lekura, eta 19 urte daramatzagu han. Eta begira... orain berriz museoa izan den lekura joateko aukera suertatu da. Prozesuak luzeak diren arren, gustatuko litzaiguke Beheko Errota Musika Eskola osatzen dugun hamabi irakasleek eta 243 ikasleek datorren ikasturtea han egitea".

Jose Arana eskoletako eraikina. [Argazki hau azken garaikoa da, bertan musika eskola zegoenekoa. Eraikina 2001. urtean bota zuten]

Isabel Guridi, umeekin, historiaurreko tailerrean, Museo zaharrean –Gaur egun musika eskola dagoen lokalean–.

Kulunka haurreskola musika eskola izan zen garai batean; honakoa, 2017ko irudia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak