40 lagun inguru elkartu ziren Zaldibar Antzokian, ekainaren 4an, Telmo Lazkanok eskaini zuen hitzaldira. Entzuleak nagusiki gurasoak izan ziren baina baita hezkuntza alorreko profesionalak ere. Hitzaldian zehar Telmo Lazkanok digitalizazioak hezkuntzan izan duen eragina azaldu zuen, nazioarteko ebaluazioen eta ikerketen emaitzetan oinarrituta, eta konpetentzia digitala lantzeko gakoak eskaini zituen. Saioaren bigarren zatian bertaratutakoek euren kezkak eta bizipenak partekatzeko aukera izan zuten.
Eskoriatza eta Aretxabaletako Altxa Buruaren balorazioa:
"Azken urteetan smartphonearen auzia jarri dugu erdigunean. Baina badago beste gailu digital bat gure seme-alabak oso modu goiztiarren erabiltzen hasten direna, lehenbizi ikastetxean eta ondoren etxean, eta hori Chromebooka da. Chromebooka ez da ordenagailu bat, nabigatzaile bat baizik. Ezinbestean interneterako sarbidea behar du eta ari gara interneterako sarbidea duen oso gailu ahaltsu bat gure seme-alaben eskuetan jartzen, horretarako neurobiologikoki nahikoa heldutasunik ez duten adin batean eta, gainera, aurretiazko prestakuntzarik eman gabe. Gaur egun Chromebooka smartphonearen 'ordezko' bihurtzen hasi da, adin batetik aurrera pertsonala delako eta ikastetxetik ateratzen hasten direlako, eta familia batzuk oso kezkatuta gaude gai honekin", adierazi du Altxa Burua egitasmoko Oihana Garciak.