Kepa Menendez: "Naziek uste baino presentzia handiagoa izan zuten hemen"

Hasier Larrea 2025ko eka. 7a, 09:25

Idazle gasteiztarrak Un nazi en Sobron eleberria aurkeztu du Zaldibar aretoan, Eskoriatzako Udaleko Kultura sailak gonbidatuta. Izan ere, nahiz eta kontaketaren zati handiena Araba mendebaldean garatu, Debagoienean kokatzen diren hainbat pasarte dakartza liburuak, Vasco Navarro trenbidea dela eta. 

Txirrindularitzak eta II. Mundu Gerrak, bi pasio horiek eroan dute Kepa Menendez idazlea argitaratu berri duen Un nazi en Sobron thrillerra idaztera. 1944an, Armada Gorriarengandik ihesi eta Francoren oniritziarekin, milaka soldadu naziri eman zitzaien aterpea Iberiar Penintsulan, baita Euskal Herrian ere: "Esaterako, Sobrongo bainu-etxean Hirugarren Reicheko ehunka aduanazain egon ziren, eta horietako baten istorioak txunditu ninduen, Johann Mungenast sarjentuarenak, hain zuzen. Haren izena daraman hilarri bat dago Sobronen, baina beti egon izan da zurrumurrua ea han lurperatuta dagoena ez ote den hierarka bat izango". 

Bailarako tren geltokiak kokaleku

Hari horri tiraka, ikerketa sakona osatu du Menendezek benetako gertaeretan oinarritutako thrillerra idazteko. Hasierako pasarteek Debagoienera eramango dute irakurlea, Vasco Navarro trenaren bidez. Izan ere, idazlea ez ezik, bide berdeen sustatzailea izan da Menendez; bizikleta gainean trenbide zaharraren arrastoei jarraituta, bailarako bazterrak ezagutzera iritsi zen: "Sastrakaz estalitako tunelak eta Marin, Zarimutz, Eskoriatza, Arrasate eta Bergarako tren geltokiak bisitatu nituen, eta harrigarriak egin zitzaizkidan. Vasco Navarro trenbidearekin zorretan nengoela sinetsita, nobela hau kokatzeko eszenatoki aproposa zela ondorioztatu nuen". 

Ordurako La ficha 145 de Nurenberg nobela idatzita zeukan, beraz, hurrengo lana gai berberaren bueltan eta tren hark iradokitzen duen Far West kutsuarekin ondu zuen, bailarari hainbat keinu eginda: "Trama korapilatsua Maringo geltokiko langile batek balaz zauritutako gizon bat erreskatatzen duenean hasten da. Gainera, lehen orrietan espioi-eszena bat kontatzen da gaur egun eraitsita dagoen Bergarako estazioan girotuta". 

Zarimutzen atzemandako pilotua

Menendezek ikerketan deskubritutako bitxikeriak kontatzeko ere baliatu zuen aurkezpena, esaterako, Errepublikaren aldeko gudariek Zarimutz elizatean Condor legioko pilotu bat atzeman zutenekoa kontatzeko: "Haren omenezko monolito bat zegoen Zarimutzen, eta bertako bizilagunek aipatu zidaten bertan eroritako pilotu alemaniar gazte baten omenezkoa zela. Antza, baserritarrek hegazkin piezak hartu zituzten ganaduarentzako zintzarriak egiteko. Noizean behin, kanpoko bisitariak joaten ziren monolitora, pilotuaren senitartekoak izango ziren. Gerora, gorpua haren jaioterrira eraman zuten". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak