25 urtez beste mundu bat sortzeko ametsarekin

Imanol Beloki Unamuno 2025ko eka. 6a, 18:31

Aste Zapatistako edizio bateko bazkari mexikarra.

Eskoriatzako Aste Zapatista ospatuko dute hilaren 9tik 14ra bitartean. Mende laurden bete ditu Esko Zap elkartearen egitasmoak, eta 25. urteurrena "berezia" izatea nahi dute antolatzaileek. Hori horrela, programa osatua prestatu dute egunotarako

antolatzen duen Aste Zapatistak 25 urte betetzen ditu aurten, eta gogoz antolatu dute aurtengo programa, herritar guztiei gogorarazteko beste mundu bat posible dela.

"Aurten, Aste Zapatistaren 25. urteurrena emozioz eta arduraz ospatuko dugu. Hainbat ekintza, hitzaldi, ekitaldi eta kontzertu antolatu ditugu urte hauetan guztietan, gertuko eta urrutiko herrialdeei eta kausei maitasuna eta elkartasuna alaitasunez eskaintzeko. Aurten ere modu berean egin dugu, eta herritarrek horietan parte hartzea gustatuko litzaiguke", adierazi du Ahinara Zubizarretak, EskoZap elkarteko kideak.

Musikaren presentzia

Aste Zapatistako egitarauan urtero antolatzen dituzten eta programan errotuta dauden ekintzak daude: Jose Arana adinekoen egoitzakoekin udaberri-paseoak, gazta-porrak, haurrentzako piñatek eta bazkari mexikarrak aurten ere ez dute hutsik egingo.

Musikak ere beti du presentzia Aste Zapatistan, eta aurten ohi baino emanaldi gehiago izango dira. "Gertuko eta bertako musika taldeen aldeko apustua egin dugu. Hilaren 11n, Gernika plazan Alaitzen taldea izango dugu; hilaren 12an, Txoko Feministan Haize taldea eta Blueskon izango ditugu; eta hilaren 13an, Julene eta Unai, Zaunka, Kontrakorde eta Etsaiak Eroak taldeen kontzertuak izango dira, 19:30an, Fernando Eskoriatza plazan. Beraz, musikak ere presentzia handia izango du. Gainera, aurtengo programan musika eskolakoen bi kontzertu izango ditugu, Txoko Feministan egingo direnak. Urtero-urtero elkarlana sustatzen aritu izan gara, eta herriko beste talde eta eragile batzuengana joan izan gara eskean. Aurten, eurak jarri dira harremanetan gurekin, eta asko eskertu dugu hori", adierazi du Zubizarretak.

Musikaz gain, hilaren 11n, 19:30ean, Zaldibar antzokian Euskaldunen jatorria, historia eta irria bakarrizketa izango da, Txiki-ren eskutik, eta, berrikuntza moduan, makrame tailerra egingo dute hilaren 13an, 18:00etan, kultura etxean, Carla Arrue artisauaren eskutik.

Altxamendutik 30 urte

Gatazka edo injustiziaren bat oinarri, urtero antolatzen dute hitzaldiren bat EskoZap elkarteko kideek. Iaz, 30 urte bete zirenez Askapen Nazionaleko Armada Zapatistaren altxamendutik, hori izango da aurtengo gaia. Horretarako, Lumaltik Herriak elkarteko kideak izango dira hilaren 10ean, 19:00etan, hitzaldia egiten.

Erakusketa kultura etxean

Kultura etxean erakusketa jarriko dute EskoZap elkarteko kideek. Hain zuzen ere, 25 urteotako Eskoriatzako Aste Zapatistako kartelak batuko ditu erakusketak. "Egin dugun bidea irudikatuko dugu kartel horien bidez, eta argazki batzuen laguntzarekin. Ikus-entzunezko bat ere badugu esku artean, 25 urteko ibilbidea gordeta gera dadin".

Eskerrak emateko

"Mundu guztiak tokia duen mundu batekin amesten dugulako eta Beste mundu bat posible da! ozen aldarrikatzen dugulako. Mila esker benetan 25 urte hauetan lagundu edo gurera gerturatu zareten guztioi, zuengatik da-eta hau posible", adierazi du Ahinara Zubizarretak, EskoZap elkarteko kideak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak