Arizmendik Ikastolak antolatutako Eskoriatzako Ferixie azoka hutsa baino gehiago da; izan ere, ikastolako ordezkarien eta gurasoen inplikazioaz gain, herriaren parte-hartze handia izan ohi du, eta aurten ere halaxe aurreikusten dute antolatzaileek.
Goizeko bederatzietan hasiko da Eskoriatzako Ferixaren hogeita zazpigarren edizioa, etxafuegoak jaurtiz eta txistularien kalejirarekin. 10:00etan, berriz, baserriko produktu, elikagai eta artisautza postuak irekiko dituzte. Guztira, hiru gune nagusi izango dira: Santa Marina plazan –elikagaien postuak–, Jose Arana kale osoan eta Fernando Eskoriatza plazan ––artisauak–. 88 postu izango dira guztira azokan, eta horietatik 30 postu inguru eskoriatzarrenak izango direla adierazi du Ibone Arejolaleibarrek, Arizmendiko irakasle eta Eskoriatzako Ferixako arduradunak: "Saiatu gara ekoizle gehiago lortzen aurtengo edizioan, baina ez zaigu erraza izan; hala ere, kopuru polita batuko da. Horrekin batera, ekintza ugari izango ditugu egun osoan, eta aurten, ikuskizun berezi moduan, ardi-moztaileen erakustaldia izango dugu".
Ardi-moztaileen erakustaldia
13:00etan, Mikel Velasco arrasatearra eta Andoni Eslava nafarra izango dira, euskal selekzioko ordezkari moduan, euskal selekzioko ardi-moztaileen erakustaldian (Santa Marinan). "Penaz, ez naiz bertan egongo, kanpoan nago eta. Hala ere, 40 ardi inguru eramango dituzte, eta protagonistek azalpenak emango dituzte egingo duten lanari buruz. Horrekin batera, hitzordua aprobetxatuko dugu ardi moztaileen euskal selekzioaren lana eta taldea bera hauspotzeko", adierazi du Mikel Galvezek, euskal selekzioko ardi-moztaile eskoriatzarrak.
Bertakoen inplikazioa
11:00etan, haur eta gazteentzako tailerrak eta puzgarriak izango dira, Jose Arana ikastetxeko jolasgunean, eta ondoren egingo dute kalejira trikitilariek. Eskoriatzako Talogileen talo goxoen postuak ere ez du hutsik egingo, elizako arkupeetan, eta 12:15ean, berriz, Gorosarri Dantza Taldearen dantza erakustaldia izango da, Gorosarri plazan. "Gorosarri Dantza Taldeko guztiok egingo dugu dantza, 60 pertsona inguruk. Nafarroako, Bizkaiko, Lapurdiko, Gipuzkoako, Biarnoko eta Ingalaterrako dantzak egingo ditugu. Talde bakoitzak bere dantza berezia eskainiko du, eta denok batera amaituko dugu, fandango bat dantzatzen", adierazi du Dorleta Ezeizak, Gorosarri Dantza Taldeko kideak.
Lehiaketa ugari
Bazkalaurretik, azokako postuen sari banaketa egingo dute, Jose Arana ikastolako eraikin aurrean. Artisau postu onenari, Eskoriatzako elikagai postu onenari eta Ferixa osoko postu onenari banatuko dizkiete sariak. Horiek emateko ardura, berriz, Olazar Erretiratuen Elkarteko kide batek, Arizmendi Ikastolako ordezkari batek eta Udaleko ordezkari batek izango dute. Horrekin batera, txorimalo lehiaketaren sari banaketa ekitaldia ere egingo dute, baita errifen zozketa ere.
"Txorimalo lehiaketan 161 ikaslek hartuko dute parte, 36 taldek guztira, eta lehia bizia izango delakoan gaude". Gazta dastaketa eta txapelketak ere ez du hutsik egingo; kasu horretan, hiru parte-hartzaile izango dira lehiaketan: Mausitxa, Iñaki Arrese eta Mila Goñi. Ondoren, 15:00etan, Zuk ekarri, zuk jan! norberak eramandako janariarekin bazkaria egingo dute, Fernando Eskoriatza plazan. "Bazkalostean, Almen ikastetxeko ikasleek tailerrak egingo dituzte haurrentzat, irakasleen laguntzarekin", adierazi du Arejolaleibarrek.
XII. txapel jaurtiketa txapelketarekin, larrain dantzarekin eta Emeki taldearen erromeriarekin borobilduko dute eguna.
Egitaraua
Zapatua, ekainak 7
• 09:00 Etxafuegojaurtiketa.
• 09:30 Txistularien kalejira.
• 10:00 Ferixaren hasiera.
• 10:00 Taloak (San Pedro elizako arkupetan).
• 10:10-11:15 XVI. txorimalo lehiaketa (San Pedro eliza alboan).
• 11:00 Haur eta gazteentzako tailerrak eta puzgarriak (Jose Aranan).
• 11:30 Trikitilarien kalejira.
• 11:30-13:00 XV. gazta dastaketa eta txapelketa (Santa Marinan).
• 12:15 Gorosarri Dantza Taldearen dantza saioa (Gorosarri plazan).
• 13:00 Euskal selekzioko ardi-moztaileen erakustaldia (Santa Marinan).
• 13:45 Ferixako sari banaketa (Jose Aranan): Ferixako postuen irabazleak, txorimalo lehiaketarenak eta errifa-zozketakoak.
• 15:00 Zuk ekarri, zuk jan! bazkaria. Ondoren: haurrendako tailerrak (herriko plazan).
• 18:30 XII. txapel jaurtiketa txapelketa.
• 19:30 Larrain dantza (herriko plazan).
• 20:00 Emeki taldearekin erromeria (herriko plazan).