Regen Aluminum enpresaren %51 eskuratu du Fagor Ederlanek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 3a, 11:47

Fagor Ederlan Taldeko eta Regen Aluminum konpainiako ordezkariak, atzo, York-en. Irudia: Fagor Ederlan.

Fagor Regen Aluminum izena izango du aurrerantzean konpainiak, eta "erosketa funtsezko urratsa" dela azaldu dute Fagor Ederlan Taldeko ordezkariek, irtenbide jasangarrietan gogoan izanda. 

Fagor Ederlan Taldeak aluminio birziklatuko lingotearen ekoizpenean espezializatutako Regen Aluminum konpainia iparramerikarraren %51 erosi du, "jasangarritasunarekin duen konpromisoa sendotu" egiten duela iritzita: "Horrek indartu egiten du taldeak ekonomia zirkularraren eta iraunkortasunaren esparruan duen posizionamendu estrategikoa, eta, aldi berean, sendotu egiten du Ipar Amerikako merkatuan duen presentzia industriala".

Mondragonen integratuta dagoen talde kooperatiboa da Fagor Ederlan, "automobilgintzarako osagaien sektorean nazioarteko erreferentea" dena, eta ohar baten bidez jakinarazi du egin berri duen erosketa. Hain zuzen ere, atzo, ekainak 2, formalizatu zuten operazioa, Regen Aluminum konpainiak –Fagor Regen Aluminum izango da aurrerantzean– York-en duen instalazioetan izan baitziren Jon Zuazo, Fagor Ederlan-eko zuzendari nagusia, eta Mikel Uribetxebarria, Kontseilu Errektoreko presidentea.

Zuazok, akordioa sinatu berritan, honako hau azpimarratu du: "Erosketa hau funtsezko urratsa da balio kate osoan irtenbide jasangarriak integratzeko dugun estrategian. Birziklatutako materialaren trazabilitatea indartzeko ez ezik, aukera ematen digu Ipar Amerikako gure bezeroentzako zerbitzua hobetzeko eta ingurumenarekin konprometitutako negozio eredu bat finkatzeko. Jasangarritasuneranzko eraldaketa sakona eskatzen duen testuinguru global batean, eragiketa horrek indartu egiten ditu gure gaitasun industriala eta sektorean eragile garrantzitsutzat dugun erantzukizuna".

Konpainiak, ibilbide "sendoa"

Bigarren mailako aluminioaren balorazioan "ibilbide sendoa" duen enpresa da Fagor Ederlan Taldeak erosi berri duena, azaldu dutenez. Hain zuzen ere, 20 milioi dolar inguruko fakturazioa izan zuen 2024an, eta "purutasun handikoak" dira bere produktuak, "ingurumen inpaktu txikiagatik nabarmentzen direla" erantsita: "Ekoizpen prozesuak karbono aztarna %90 baino gehiago murriztea ahalbidetzen du, aluminio primarioarekin alderatuta. Era berean, lagungarria da Fagor Ederlanen produktuak bateragarriak izan daitezen Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunaren tokiko edukia duten arauarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak