Kirol elkartearen eguna, ikusiak izaten jarraitzeko

Julen Murua Mesonero 2025ko mai. 30a, 12:30

Iazko Eskoriatza Kirol Elkartearen egunean, Herriko Plazan.

Eskoriatza Kirol Elkarteko kideek jantziko dituzte herriko kaleak bihar. 140 kirolari inguruk osatzen dute kluba gaur egun, baina gehiago izaten jarraitu nahi dute, eta, besteak beste, hori da bihar kalera irteteko arrazoietako bat.

Urteroko ohiturari jarraituz, zapatuan ospatuko dute Eskoriatza Kirol Elkartearen eguna. 60 urteko muga gaindituta, elkartearen 61. urteurrena ospatuko dute aurten, eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako. Areto futboleko topaketarekin emango diote hasiera egunari; 09:00etan izango da. 11:00etan, berriz, jaiaren hasiera ofiziala egingo dute. Eguerdian, 12:00etan hasita, zumba eskolak egingo dituzte; ordu berean, beteranoen saskibaloi partiduak jokatuko dira, eta, bi ekintzak bukatutakoan, sokatira taldeko beteranoen aurkezpena egingo dute, 13:30ean. 12:00etatik 14:30era bitartean, vintage arropen salmenta-postua egongo da.

Bazkaria eta gerokoak

Paella erraldoia izango dute, aurten ere, bazkaltzeko, eta ostean, 16:00etan, sokatira txapelketa egingo dute. Saskibaloi jolasak izango dira protagonista, 18:00etan hasita, eta, 19:00etan, parrillada egingo dute. Ilunkera girotzeko, DJ Hugoren emanaldia egongo da, 20:00etan hasi eta 22:00ak bitartean. Egun osoan, 11:00etatik 22:00etara bitartean, txosna egongo da kontzejupean.

Sokatirakoei omenaldia

2000. urte inguruan Eskoriatzak sokatirako taldea izan zuen, eta orduko jokalariei "omenaldia egitea" da asmoa, Eskoriatza Kirol Elkarteko presidente Jabi Corbalek adierazi duenez. "Gaur egun badago hamar edo hamabi gazte inguruko talde bat sokatira entrenatzen duena, baina ez da erraza mantentzea. Orduko jokalariak ikusita, gazteak motibatzea ere bada helburuetako bat", gaineratu du Corbalek. Kirol horretako parte hartzea sustatzeko, haurren arteko sokatira txapelketa egingo dute bazkalostean.

Elkartea, "osasuntsu"

"Herriko pertsona gehiago inplikatuta" egotea nahi izango lukeen arren, Corbalek dio ezin dela kexatu jasotzen duen laguntzagatik: "Edozer eskatzen dugula, beti dago jendea laguntzeko prest. Egun honek garrantzi handia du, herriak ikus dezan zer den egiten duguna, eta horrek eragin dezake boluntario gehiago laguntzeko prest egotea. Ongietorriak izango dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak