Kepa Menendez: "Maringo geltokia ikusi nuenean, harrapatu egin ninduen"

Julen Murua Mesonero 2025ko eka. 1a, 10:30

Kepa Menendez, 'Un nazi en Sobrón' liburuarekin.

Bosgarren eleberria kaleratu du Kepa Menendezek (Gasteiz, 1961), Un nazi en Sobrón izenpean. Debagoieneko hainbat tokiri egiten die erreferentzia idazleak liburuan; tartean, Marin elizateko tren-geltokiari. Hori dela eta, Zaldibar antzokian aurkeztuko du liburua, ekainaren 6an, 19:00etan hasita.

Fikziozko liburua izan arren, errealitatea kontatzen du?

Bai, eta askok ezagutzen ez dutena, gainera. Bigarren Mundu Gerran aliatuek Frantziako hegoaldea aske utzi zutenean, Alemaniako soldadu asko Espainiara igaro ziren. Asko aduanakoak ziren, baina uste da bazeudela hierarkak ere. Hain zen handia exodoa, non 40 urtetik gorako soldaduak Espainiako hainbat tokitara eraman zituzten; esaterako, Sobronera.

Debagoieneko hainbat tokiri egiten diezu erreferentzia liburuan.

Bai, eta aurretik argitaratuta dudan eleberri batean ere egiten diot erreferentzia Debagoienari. Liburuan, gainera, lehenengo zati guztia gertatzen da bailara honetan, eta arrazoia da Vasco-Navarro trena. Izan ere, txirrindularitzarekiko dudan zaletasunak eraman ninduen tren horren gainean ikertzera. Asko ibili naiz bizikletan tren hura igarotzen zen tokietatik, eta sentitzen nuen zorretan nengoela.

Marin elizateak garrantzi handia du eleberrian.

Bai; hango tren-geltokian oinarrituta dago eleberri ia guztia. Horrez gain, Zarimutzen oinarrituta ere badago, eta Bergarako geltokia ere aipatzen da eszena batean.

Zergatik Maringo geltokia?

Bada, ez nuen ezagutzen tokia. Esan bezala, bizikleta gainean ibilita iritsi nintzen hara, eta abentura izugarria izan zen. Maringo geltokiarekin topo egin nuenean, alde guztietatik atera nizkion argazkiak; harrapatu egin ninduen, eta banekien trenaren inguruko eleberria idazten nuen egunean Maringo geltokian girotuta egongo zela.

Zergatik gomendatzen duzu liburua irakurtzea?

Gutxik ezagutzen duten gertakaria delako. Liburu entretenigarria dela esango nuke, baina, era berean, gauza asko ikasteko balio duela uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak