Eskolarteko foroko emaitzak, Udalera

Julen Murua Mesonero 2025ko mai. 28a, 16:53

Udal ordezkariak, Luis Ezeiza eta Arizmendi ikastetxeetako ikasleekin.

Agenda 2030 programaren baitan egindako foroan, lehorreko ekosistemen egoeraren inguruan lortutako emaitzak azaldu zizkieten Arizmendiko eta Luis Ezeizako ikasleek udal ordezkariei; gainera, hainbat eskaera egin zizkioten Udalari

Maiatzaren 21ean, Eskoriatzako eskolen arteko foroa egin zuten Arizmendi Ikastolakoek eta Luis Ezeiza herri eskolako haurrek. Eskoriatzako ikastetxeetako Agenda 2030 programaren baitan antolatutako foroa izan zen, eta hango emaitzak azaltzera joan ziren ikastetxeetako hainbat ikasle eta irakasle Udaleko osoko bilkurara.

Lehorreko ekosistemak

Ikastetxeek foroan zerrendatutako ideiak udal ordezkariei azaldu zizkieten, eta lehorreko ekosistemen egoera izan zen proposatutako erabaki guztien abiapuntua. Bost proposamen egin zizkieten ikastetxeetako bozeramaileek udal ordezkariei: aurrenekoa herrian eta ikastetxeetako ortuetan "intsektuentzako hotelak" ipintzea izan zen. Horretarako, "herriko ortuak edo Bolibarrera bidean dagoen depositua" erabiltzea proposatu zuten. Bigarren proposamena "erreka inguruetan hemengo zuhaitzak" landatzea izan zen, hala nola, haritza, hagina eta pagoa. Hori egiteko, ikastetxeetako kideek adierazi zuten "gurasoak ekintzan parte hartzera gonbidatzeko konpromisoa" hartuko dutela. Bestalde, Udalari eskatu zioten "festa bat" antolatzeko, ekimenaren berri eman ahal izateko. Gero, Arizmendiko eta Luis Ezeizako Lehen Hezkuntzako maila guztietako eta Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleek "erreka garbitzeko egunean" parte hartzeko konpromisoa hartu zuten. Laugarrenik, "belardiak gutxiago moztea" eskatu zuten ikasleek, eta "herritarrentzat belardiak ez mozteak dakartzan onuren inguruko informazioa" prestatzeko konpromisoa hartu zuten. Azkenik, "herritarrei bioaniztasunaren eta espezieen inguruan informatzeko kartelak" jartzeko eskakizuna egin zuten, Udalari informazio hori guztia herrian zabaltzeko eskatuta.

Udaletik "eskerrak"

Eskoriatzako Udaleko Ingurumen zinegotzi Mikel Luengok hartu zuen hitza, ikastetxeetako ikasleek euren proposamenak helarazi eta gero. Aldez aurretik, "eskerrak" eman zizkien osoko bilkuren aretora joan ziren neska-mutilei, eurek egindako proposamen guztiak helarazteagatik. Erreka garbiketa egunean parte hartzeko asmoa izatea nabarmendu zuen Luengok, eta herri mailako ekimen horretako parte izatea eskertu zien ikasleei. Azkenik, ikasleek egindako proposamenak "jasota" gelditzen direla adierazi, eta esandakoak aztertu egingo dituztela esan zuen Ingurumen zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak