Mota guztietako sortzaile eta artistentzat zuzendutako topaketak laugarren aldia izango du aurten. Eskoriatzako Udalak antolatuta, musika, antzerkia edota kultur esparruko beste modalitateren bat lantzen duten herritarrek dute parte hartzeko aukera. Eskoriatzan jaiotako edo erroldatutako pertsona guztiek har dezakete parte. Taldeen kasuan, taldekideetako bat, gutxienez, Eskoriatzan jaiotakoa edo han erroldatutakoa izan beharko da. Ekimenean parte hartzen dutenek ordu erdiko zuzeneko emanaldia egin beharko dute uztailaren 18an.
Sari bakarra
Topaketan parte hartzen dutenen artean sari bakarra banatuko da. 300 euroko saria izango da, eta emanaldiaren erdia baino gehiago euskaraz izanez gero, 100 euro gehituko zaizkio sariari. Gainontzeko parte hartzaileen artean hainbat accesit banatuko dira: 100 euro bakarlariei eta bikoteei, eta 200 euro taldeei. Horrez gain, emanaldiaren erdia baino gehiago euskaraz egiten dutenek 50 euro gehiago jasoko dute.