Erik Isasmendi eskoriatzarra, espinosauro "erraldoi" baten aurkikuntzan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mai. 28a, 12:01

Ezkerretik eskuinera: Patxi Saez, Xabier Pereda eta Erik Isasmendi. Irudia: Ricard Fabrique

Xabier Pereda EHUko ikertzailearekin aritu da lanean, eta baita nazioarteko talde batekin ere; azaldu dutenez, espinosauroa "oraindik deskribatu ez den espezie batekoa" izan daiteke.

Espinosauro "erraldoi" baten aurkikuntzan hartu du parte Erik Isasmendi eskoriatzarrak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez. Haren hitzetan, Sorian (Espainia), Los Caños eta Zorralbo aztarnategietan, egin dute aurkikuntza, eta hortzak, ornoak, garezurreko hezurrak eta gorputz adarretako hezurrak topatu dituzte. "Hondakinak teropodo batenak dira (hezur hutsak eta hiru hatz funtzionaleko gorputz adarrak dituen dinosauroen azpi-ordena bat), 10-12 metro luze izango zen espinosauro batenak. Hortaz, orain arte Iberiar penintsulan aurkitutako Behe Kretazeoko (duela 125 milioi urte, gutxi gorabehera) teropodo handiena da".

Isasmendi ez da aurkikuntzan aritu den EHUko aditu bakarra izan, alboan izan baitu Xabier Pereda ikertzailea, nazioarteko talde batekin: "Errioxako Unibertsitateko Adrian Paramo ikertzailearekin eta Bavariako (Alemania) Estatuko Paleontologia eta Geologia Museoko Elena Cuesta paleontologoarekin lankidetzan argitaratu da lana".

Hondakin fosilak, aurrez aurkitutakoak

Espinosauroen hondakin fosilak 2000-2010 urteen artean aurkitu zituen Mejide-Fuentes familiak, Soriako dinosauroen aztarnategietan urte luzez indusketak egiten aritu zenak, eta Soriako Numantziar Museoan utzi zituzten. Isasmendik han aztertu du materiala doktorego tesia egin bitartean, eta azterlanak "gako berriak" eman ditu: "Soriako espinosauro handia oraindik deskribatu ez den espezie batekoa izan daiteke –zehazki, orain arte, bost espezie ezberdin identifikatu dira–, nahiz eta hondakin gehiago lortu beharko liratekeen baieztatzeko oraingoz ezagutzen ez den espezie bat dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak