Hilaren 17an egin zuten Atxorrotx Kultur Elkarteko bazkideek Inkernu tabernaren kudeaketaren bueltako ezohiko batzar orokorra, eta bertan erabaki zuten nork izango duen aurrerantzean kudeaketaren ardura. Atxorrotxeko kide Iñaki Kortazarrek adierazi du elkarteko kideak "oso pozik" daudela batzarrean izan duten parte hartzearekin: "90 bazkide gara elkartean eta 60 bazkidek bozkatu zuten zapatuan. Oso pozik gaude; izan ere, gure helburua zen parte-hartzea bermatzea". Hiru proposamen zituzten mahai gainean Atxorrotxekoek, eta horien artean bat aukeratu behar izan zuten. Atxorrotx Kultur Elkarteak jakinarazi duenez, asmoa da "Ferixa egunerako alokairuan sartu den lantaldea martxan jartzea". "Gure aldetik, dena ondo joatea eta zorte handia izatea opa diegu", gaineratu du Kortazarrek.
Hasteko gogoz
Aurretik Inkernu tabernan lan egindakoa da Itsaso Errasti, eta horrek "martxa hartzea erraztu" egingo diola uste du eskoriatzarrak. "Pozik eta ilusio handiz" jaso zuen aurrerantzean Inkernuren kudeatzaile izango den berria, eta, asteburuan "mota guztietako sentsazioak" izan bazituen ere, dagoeneko jarri da tabernaren irekieran pentsatzen: "Asmoa da ekainaren 6an arratsaldean inaugurazioa egitea, eta baliteke ekintzaren bat edo beste egotea. Hortaz, ekainaren 7rako, Ferixa egunerako, irekita egongo da Inkernu". Aurretik han lan egindakoa denez, Errastik dio "orain arteko zerbitzu berbera" ematea dela lantalde berriaren asmoa. Hala ere, "errazioak eta pintxo eskaintza zabalagoa izatea" ere badute buruan. Gainera, uztailerako, "afalordu azkar samarrak egin nahi dituztenei montadito motako ogitarteko txikiak" eskaini nahi dizkiete.