Hirugarrenez ospatuko dute Gazte Eguna Eskoriatzan

Julen Murua Mesonero 2025ko mai. 23a, 10:22

Iazko Gazte Eguneko bazkaria, frontoian.

Bihar, goizean hasita,Gazte Eguna egingo dute Eskoriatzan. Herri bazkaria, jolasak eta kontzertuak egongo dira, besteak beste, eta Itzartu Gazte Asanbladak gonbidapena egin die "Eskoriatzako gazteei, asanbladara batu daitezen".

Itzartu Gazte Asanbladak antolatuta, hirugarren urtez egingo dute Eskoriatzako Gazte Eguna, bihar, zapatua. Duela hiru urte eman zioten hasiera egun berezi horri, gazteak kalera ateratzeko, elkar ezagutzeko eta elkartzeko helburuarekin, eta, aurreko edizioek izandako harrera ona ikusita, helburu berberak lortzeko asmoarekin ekingo diote hirugarren aldiari.

Kopuruak mantentzen

Arrakasta handien "lehenengo edizioak" izan zuela dio Itzartu Gazte Asanbladako kide Goizane Zubizarretak, eta, iaz herri bazkarira joan zen pertsona kopurua apur bat jaitsi bazen ere, "egunean zehar batzen den jende kopurua mantendu egin da aurreko edizioetan". Aurtengo bazkarian "50 pertsona inguru" elkartzea espero dute; gero, arratsaldean, "herriko eta inguruko herrietako gazteak kalera irtetea" da asmoa.

Gazteak bakarrik ez

Urte osoan hainbat ekintza antolatzen ditu Gazte Asanbladak, eta, horien guztien ondorioz, "herritar guztiok festa giroan ospatzeko egun bat edukitzea" da helburua. Eguna, izenez, Gazte Eguna gisa ezagutzen bada ere, Zubizarretak dio "mundu guztia" dagoela festara gonbidatuta: "Ez dugu zehaztu nahi zer den gazte izatea eta zer ez. Garrantzitsua dela iruditzen zaigu".

Hainbat ekintza

Azken urteetan, martxo inguruan ospatu dute eguna, baina aurten maiatzean egin behar izan dute, egutegi kontuak tarteko. Hori horrela, "eguraldi ona egotea" espero dute asanbladakoek, eta, hortaz, Herriko Plazan egingo dute bazkaria eta plaza inguruan ekintza guztiak, orokorrean.

Poteo-jolasei dagokienez, "herriko taberna guztietatik igarotzea da asmoa, bukaeran plaza inguruko tabernetara iristeko; taberna bakoitzean jolas ezberdin bat proposatuko dugu". Gainera, "lehiarik gabeko jolasak" izango direla iragarri dute asanbladakoek, "arratsaldea girotzeko eta dibertigarri egiteko asmoarekin".

Kontzertuei dagokienez, aurreko edizioetan kontzejupean jarri behar izan dute oholtza, baina, eguraldi ona espero dutela aprobetxatuz, "plazan bertan" izango dira Zeker eta Bixentak taldeen emanaldiak. Horrek, gainera, "toki eta musika-ekipo hobea" izatea ahalbidetuko duela adierazi dute. Eguna bukatzeko, Anai Nagusixe DJaren pintxada egongo da.

Asanbladara batzeko gonbita

"Eskoriatzako hainbat belaunaldik egun on batez gozatzea" espero dute asanbladakoek. "Gazteok askotan esaten dugu Eskoriatzan gauza gutxi antolatzen direla, eta Gazte Eguna bada hutsune hori gainditzeko bide bat. Hori dela eta, animatu gura dugu Eskoriatzako gazte oro Itzartu Gazte Asanbladara batzera. Guztion ekarpena beharrezkoa da halako egunak antolatzeko orduan eta izan ditzakegun beste helburu batzuei aurre egiteko", gaineratu du Zubizarretak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak