Denboraldiko azkenengo partidua jokatuko du Eskoriatzak zapatuan, 18:00etan, etxean, Afantxo taldearen aurka. Sailkapenaren erdialdean dago, gaur-gaurkoz, Mikel Alkaidek zuzentzen duen taldea, eta aurtengo denboraldiari garaipenarekin eman gura diote agurra eskoriatzarrek.
Helburua beteta
Denboraldi hasierako egoera ez zen batere itxaropentsua; izan ere, iaz talde barruan gertatutako hainbat arazok eragin zuten jokalari batzuek taldea uztea, eta, hortaz, "areto futbolean ibilbide motza zuten jokalariekin" hasi zuten urtea Eskoriatzan. Hori dela eta, taldearen hasierako helburua "mailari eustea" zela dio Alkaidek, baina denboraldiak aurrera egin ahala lortutako emaitzek ahalbidetu dute hasierako helburua uste baino lehenago lortzea. "Urte hasierako helburua bete dugu; sobera, gainera", dio entrenatzaileak.
Taldearen jarrera, gakoa
"Ia hutsetik" hasi behar izan zuten denboraldia Eskoriatzakoek, eta hori, hasiera batean, "zailtasun handia" izan zela onartu du Alkaidek. Horri aurre egiteko, baina, "taldeak urte osoan izan duen jarrera eta lanerako gogoa" azpimarratu gura izan ditu eskoriatzarrak; izan ere, "asko lagundu du" urte bukaerako helburua lortzeko orduan.
Egonkortzea helburu
Ez zuen inork espero Eskoriatzak sailkapenaren erdialdean, eta goiko postuei begira, bukatuko zuela denboraldia. Ez, behintzat, lehenengo jardunaldia hasi aurretik jokalari gutxirekin eta areto futboleko esperientzia askorik gabe osatutako taldea izanda. Entrenatzaileak dio "talde barruko giro ona" ezinbestekoa izan dela helburuak lortzeko orduan, eta, aurrerantzean, "asmoa sailkapenean egonkortzea" izango da. Alkaidek adierazi duenez, "taldearen ehuneko handi batek jarraitu egingo du datorren denboraldian. Gure asmoa da fitxaketa pare bat egitea, taldea osatzeko asmoz. Aurten sailkapenaren erdialdean bukatzeko gai izan garela ikusita, hasieratik lan ona egin eta datorren denboraldian aurtengoa hobetzea da asmoa".