Atxorrotx Egunaren balorazio ona egin dute

Julen Murua Mesonero 2025ko mai. 16a, 12:34

2025eko Atxorrotx Eguneko bazkaria.

Eguraldia lagun izan zuten eta ehun pertsona inguru batu ziren herri bazkarian; goizean zehar ere jai giroa izan zen nagusi plazan, eta kontzertuekin eman zioten bukaera egunari. Bihar, inkernu tabernaren kudeaketaren gaineko batzarra egingo dute.

Joan den asteburuan egin zuten azkenengo urteetan ohitura bihurtu den Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguneko ospakizuna, eta egun osoan jai giroa izan zen nagusi herriko erdigunean. Motorrak berotzeko, aurreko egunean Fito Skins eta Añube taldeek kontzertua jo zuten, eta, bat baino gehiago eguraldiaren iragarpenari begira bazegoen ere, Atxorrotxeko kide Iñaki Kortazarrek adierazi du "oso pozik" daudela "bezperako eguneko kontzertuek jasotako erantzunarekin".

Egitarau betea

Zapatuan, goizean goizetik umeendako bi puzgarri egon ziren, eguerdira arte, eta, bitarte hartan, trikitilari kuadrilla batek izan zuen plaza girotzeko ardura. Talogileek ere izan zuten euren postua kontzejupean, eta, Asun Agirianoren arabera, "eguerditik aurrera oso harrera ona izan zuten taloek". Denera, 200 talo inguru saldu zituzten. Herri bazkaria egin zuten gero, eta ehun pertsona inguru batu ziren mahaiaren bueltan; eta arratsaldean, buruhandiak eta kontzertuak egon ziren plazan. Kortazarrek "eskertu" egin zuen eguraldia alde eduki izana, eta, oro har, "oso pozik" zegoen egunak izandako harrerarekin. Elkartea, osasuntsu Maiatzeko bigarren asteburuan urtero egiten den ospakizuna da Atxorrotx Kultura Elkartearen Egunekoa. "Jendeak beti erantzun ona" ematen duela dio Kortazarrek, eta horrek, besteak beste, eragiten du elkartea osasuntsu egotea. "Atxorrotx elkartea ezagutzen dutenek badakite; elkartea, gaur-gaurkoz, osasuntsu dago. Egia da eskatzen dugula, etorkizunera begira, erreleboa egotea eta jende gaztea ere elkartean laguntzera sartzea, baina, era berean, onartu behar da geroz eta jende gazte gehiago dabilela guregana hurbiltzen, eta hori oso aberasgarria da elkartearentzat. Zoriontsu gaude, alde horretatik", dio Kortazarrek.

Inkernu tabernaren kudeaketa

Inkernu taberna kudeatzeko hainbat proposamen iritsi zaizkie aurten Atxorrotx Kultura Elkartekoei, eta, hortaz, zapatuan, 11:00etan, elkarteko bazkideek ezohiko batzar orokorra egingo dute, kultura etxean, proposamen horien artean bozkatu eta aurrerantzean tabernaren ardura nork izango duen erabakitzeko. Kortazarrek aurreratu duenez, asmoa da, betiko moduan, "herrian toki erreferente, ezkertiar eta euskaldun bat izaten jarraitzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak