Atzo jokatu zen Señora sariketaren bosgarren edizioko lehen kanporaketa, Eskoriatzako Elizoste elkartean. Hiru bertsolari bikote izan ziren kantuan: Markel Laskurain bergararra eta Lierni Rekondo; Iraitz Sarasola eta Maddi Etxeberria eta Malen Alzuart eta Amaia Elizagoien. Umorez betetako agurren ostean, sei bertsolariek Lierni Altuna aramaioarraren gaiei erantzun behar izan zieten. Azkenean, Malen Alzuart erratzuarra eta Amaia Elizagoien oronoztarra nagusitu ziren, eta bihotz saria Lierni Rekondo lasartearrak irabazi zuen.
Bertso saio "borobila"
Antolakuntza taldea pozik agertu da bertso saioak utzitakoarekin: "Oso bertso onak egon dira eta elkarrizketa polit eta borobilak". Bertsolari moduan ibilbide egonkorrik ez duten edo plaza utzia duten bertsolariak izan dira kantuan Señora sariketaren bosgarren aldi honetan, eta testuinguru honetan, parte hartzaileen jarrera eta bertso gaitasunean jarri dute azpimarra: "Bertsolarien artean elkarri laguntzeko jarrera nabarmenduko genuke. Berretsita gelditu da bertsolaritza hegemonikoak kanporatu dituela bertsolari bikainak diren emakume eta genero disidenteak. Ea plazara jauzi egiteko aitzakia izan daitekeen aurtengo Señora sariketa".
Bigarren kanporaketa
Datorren astean, maiatzaren 17an, Iurretako Montoste elkartean jokatuko da bigarren eta azken kanporaketa. Bertan, Irati Tolosa eta Joane Aldalur; Ziara Enbeita eta Idoia Anzorandia; Maddi Gallastegi eta Udane Mugerza eta Julen Eizagirre eta Ainhoa Comas bertsolariak lehiatuko dira. Bertan erabakiko da nortzuk abestuko duten Malen Alzuart eta Amaia Elizagoien eta Ohorezko Señora diren Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano bertsolariekin maiatzaren 31n Iruñean jokatuko den finalean.