Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguneko aurtengo ospakizuna, egun bat lehenago hasita

Imanol Beloki Unamuno 2025ko mai. 9a, 10:24

Iaz, Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguneko bazkarian batutakoak.

Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguna ospatuko dute zapatuan, eta, ohi legez, egun osoko programazioa antolatu dute. Hala ere, motorrak berotzeko, gaur, Fito Skins eta Añube (akustikoan) taldeen emanaldiak izango dira, 20:30ean, Inkernu kanpoan.

Zapaturako bada plana Eskoriatzan, Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguneko ospakizunean. Egun osoko programazioa antolatu dute, eta ohiko hitzorduek ez dute hutsik egingo: puzgarriak jarriko dituzte plazan, Eskoriatzako talogileak talo goxoak prestatzen arituko dira, ziza-zozketa egingo da eta musikak ez du hutsik egingo. Aurten, gainera, berezitasun moduan, motorrak berotzeko, Atxorrotx Kultura Elkartearen Egunaren bezperan, hau da, gaur, egubakoitza, bi kontzertu izango direla iragarri dute antolatzaileek: Elorrioko Fito Skins taldea eta Arrasateko Añube taldea, akustikoan.

Egitarau betea

"Maiatzen sartuta, astebururo kultura ekintza ugari izango ditugu, eta aurten, Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguna indartzeko asmoarekin antolatu ditugu gaurko bi kontzertuak. Hala ere, egun handia biharkoa izango da, eta, goizeko ekintzen ostean, bazkaltzeko 90 lagun inguru elkartuko gara. Gero, musika proposamen ugari izango ditugu…", adierazi du Iñaki Kortazarrek, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak.

Musika nagusi

Iluntzean, buruhandien ostean, Artiako eta Busturialdeko musikariek osatzen duten Txoriburu taldearen emanaldia izango da; programako hitzordu azpimarragarrienetako bat. Bizkaitarrek, Seriotasune hartzen izena zuen lehen lanaren ostean, Eztau bururik bigarren lan luzea argitaratu berri dute, eta gogoz datozela adierazi dute. 19:00etan, berriz, Sermond's taldea izango da plazako agertokian. Hain zuzen ere, 2010an Elorrion sortutako rock musika taldea izango da Eskoriatzan. Punk-rock eta rock-and-roll estiloak jorratzen ditu taldeak, eta Eskoriatza ondo ezagutzen dute; izan ere, 2011n Amaiera hasieran dator diskoa aurkezten izan ziren. Eguna amaitzeko, berriz, DJ Malandro izango da Inkernu musikaz girotzen. Antolatzaileek gaineratu dutenez, egitarauan aldaketak izan daitezke, eguraldi txarra dago-eta iragarrita.

Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguneko egitaraua

Egubakoitza

• 20:30 Fito Skins eta Añube – akustikoan– taldeen kontzertua, Inkernu kanpoan.

Zapatua

• 09:00 Txistulariekin kalejira.

• 12:00 Puzgarriak, ziza-errifak salgai eta talogileak, plazan.

• 13:00 Trikitilariak.

• 14:30 Herri bazkaria.

• 18:00 Buruhandiak.

• 19:00 Txoriburu taldearen emanaldia.

• 20:00 Sermonds taldearen kontzertua.

• 22:30 DJ Malandro, Inkernun.

Inkernu tabernaren kudeaketa

Hilaren 17an, bestalde, Inkernu tabernaren kudeaketaren inguruko ezohiko bilkura egingo dute. "Duela hilabete eta erdi ireki genuen prozesua, eta hiru proposamen egon dira Inkernu tabernaren kudeaketa hartzeko, eta bazkideek bozkatzeko aukera izango dute. Atxorrotx Kultura Elkartearen helburua ez da izan tabernaren ardura eramatea, baizik eta herrian leku erreferente, ezkertiar eta euskaldun bat izatea. Proiektu honekin duela 22 urte hasi ginen, eta, duela zazpi urte inor aurkeztu ez zenez, gure gain hartu genuen; orain, jendearengan interesa piztu duenez, berriz ireki dugu prozesua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak