Oholtza gainean kantuan, aspaldiko partez

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko mai. 9a, 11:03

Señora sariketaren bosgarren aldia abiatuko dute bihar, zapatua, Eskoriatzako Elizoste elkartean. Sei bertsolari lehiatuko dira, binaka; haien artean, Markel Laskurain bergararra. Sarrerak, Bertsosarrerak.eus atarian eta saioetan ere bai.

"Bertsolaritzaren barruan lehia ulertzeko eta bizitzeko moduak aldatzeko eta elkarrekin hain- bestetan kantatzen ez duten bertsolariek batera kantatzen jartzeko helburuarekin abiatu zuten orain dela bost urte Señora sariketa, eta, era berean, bestelako bertsozaleengana hurbiltzeko" ere bai. "Orain arteko lau aldien balorazio oso positiboa egiten dugu. Pixkana-pixkanaka hazten joan da proiektua eta helburuak betetzen; hori dela eta, bosgarrenean ezberdin egitea erabaki genuen. Bertsolari moduan ibilbide egonkorrik egin ez duten edo plaza utzita duten bertsolariak berriz plazara hurbiltzeko ahalegina egin gura genuen, eta, horregatik, aurten binaka kantatuko dute, plazara bueltatzea ahalik eta goxoena eta lasaiena izan dadin eurentzat. Emakumeak eta genero disidenteak lehiatzen dira bakarrik, baina publiko moduan ongietorria da bertsozalea den oro", azaldu du Señora sariketako antolatzaile taldeko kide Oihana Arana Eskoriatzako bertsolariak.

Bi kanporaketa eta finala

Eskoriatzako Elizoste elkartean egingo dute lehengo kanporaketa, bihar, zapatua. 14:00etan bazkaria izango da eta 17:00etan hasiko da saioa. "Bazkarirako txartela aurrez hartu behar da, Bertsosarrerak.eus atarian; eta saiora datozenek, han bertan". Maiatzaren 31n Iruñean jokatuko duten finalerako txartel bat eskuratuko du bikote batek bihar, eta datorren astean Iurretan beste txartel bat izango da jokoan.

Denetariko ariketak egingo dituzte: "Serioak eta umoretik, binaka eta bakarka kantatuta... Bertso saio nahiko arrunta izango da, alde horretatik".

Markel Laskurain bergararra

Debagoieneko bi lagun izango dira bihar taularen gainean: Lierni Altuna aramaioarra gai-jartzaile lanetan, beste hainbat alditan izan den moduan, eta urte asko plazatik kanpo egon den Markel Laskurain bergararra. "Urte asko egin zituen Bergarako bertso eskolan eta kantatu izan du herriko txapelketetan noizbait, baina azkeneko urteetan itxita dauka eta Señora sariketarako itzuliko da espresuki. Lierni Rekondo da haren bikotekidea".

Ohorezko Señora bikotea

Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano omenduko dituzte aurten, eta finalean kantatuko dute."Bertsolaritzan ereduak eta aitzindariak dira. Ez dute inoiz elkarrekin kantatu, eta guretako oso polita da hori".

Saioak

  • Lehenengo kanporaketa
    • Iraitz Sarasola eta Maddi Etxeberria; Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart; Markel Laskurain eta Lierni Rekondo.
    • Eskoriatzan, maiatzaren 10ean.
  • Bigarren kanporaketa
    • Irati Tolosa eta Joane Aldalur; Ziara Enbeita eta Idoia Anzorandia; Maddi Gallastegi eta Udane Mugerza; Julen Eizagirre eta Ainhoa Comas
    • Iurretan, maiatzaren 17an.
  • Finala
    • Sailkatutako bikoteak eta Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano Ohorezko Señora bikotea
    • Iruñean, maiatzaren 31n.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak