Atxorrotxera joateko eguna, datorren domeka

Imanol Beloki Unamuno 2025ko mai. 2a, 09:43

Iaz, Atxorrotxeko Egunean, herritarrak mokadutxoa hartzen.

Maiatzaren 4an ospatuko da Atxorrotxeko Eguna, eta askotariko bideak izango dituzte aukeran herritarrek mendira igotzeko. Goian mokadutxo bat hartzeko aukera izango da, baita meza eta ipuin kontaketa ere. Herrigunean erromeria izango da iluntzean.

Ohiturari jarraituz, maiatzeko lehenengo domekan Amaren Eguna ospatzearekin batera, Atxorrotxeko Eguna ospatuko dute eskoriatzarrek. 09:00etan, Eskoriatzako txistulariek dianarekin herritarrak esnatuko dituzte, herriaren ikur den mendira igotzeko dei eginez. Herritarrek askotariko bideak hartuta egingo dute igoera, eta Gurutze Santuaren ermitan meza izango da, 11:00etan, nahi dutenentzat; bide batez, ohiturari jarraituz, bailara bedeinkatuko dute.

Dorleta Kortazarren kontaketa

12:00etan, berriz, Dorleta Kortazar ipuin kontalariak Atxorrotxeko kondaira izeneko kontaketa egingo du Gurutze Santuaren ermitan. "Kasu honetan, ipuin hori bakarrik kontatuko dut. Eskoriatzako eta Gatzagako betiko ipuiñek liburuan dator jasota; hau da, Eskoriatzako eta Gatzagako hainbat kondaira, istorio eta pasadizo biltzen dituen lanean. Gainera, liburua bera bertan egongo da salgai, nahi duenarentzat. Bigarren edizioa jarriko dugu salgai, labetik atera berri dago eta. Izan ere, hilabete eta erdian saldu zen lehenengoa", adierazi du ipuin kontalari eskoriatzarrak. Liburuak Eskoriatzako eta Gatzagako hainbat kondaira, istorio eta pasadizo biltzen ditu, eta, guztira, hamalau kontakizun dira. Zenbait herritarrek elkarlanean egindako lana da, eta harrera oso ona izan du eskoriatzarren artean.

Tabernaren ustiapena

Atxorrotx mendiaren magalean mokadutxo bat hartu eta zerbait edateko taberna ere izango da, urtero moduan. Aurten, gainera, Atxorrotxen jartzen den taberna kudeatzeko martxoan egin zuen dei Udalak, eta jakinarazi dute bi elkartek elkarlanean emango dutela zerbitzua.

Tabernaren ustiapena egiteko deia herriko kultura edo kirol erakunde, elkarte edo irabazi asmorik gabeko ongintza-elkarteei egin izan zaie, eta aurten Itzartu Gazte Asanbladako kideek eta Gorosarri Dantza Taldeko kideek hartu dute ardura. Batera irekiko dute taberna, eta, bertara igotzen direnei zerbitzua emateko asmoz, jatekoa eta edatekoa jarriko dute, eta, bide batez, haize handia badabil, leku pixka bat ere izango dute zortedunek barruan; hau da, haize ezkutuan egoteko.

Arratsaldean, berriz, herrigunean jarraituko du festak; izan ere, 18:00etan, erromeria izango da Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga bikotearekin, Fernando Eskoriatza plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak